Euskal Astea 2019

Goikoetxearentzat izan da beste behin Basarri Bertsopaper Sariko txapela

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 4a, 13:52

Aner Peritzek irabazidu bigarren saria, eta Julen Zulaikaren sortari aipamen berezia egin zioten.

Neurria hartua dio Ekaitz Goikoetxeak Basarri Bertsopaper Sariari; aurtengoa da irabazitako seigarren txapela. 16 lan aurkeztu dira guztira Basarri bertsopaper lehiaketaren 35. ediziora, eta beasaindarrak azaldu du "lana, ahalegina eta zorte apur bat" direla arrakastaren gakoa. Nola ez dakizun hori izeneko bertso sortarekin lortu du aurtengo txapela. ETAren su etenetik doinuan ondua, gizartearen abiadura eta aspirazioak kritikatuz osatu du sorta, berak ohi duen estilo fin eta metaforatsuan.

Bigarren saria Aner Peritz Manterola zarauztarrarentzat izan da. 17 urteko gazteak lehenengoz izan da saritua Basarrin. Zer ez izan bertso-sortarekin eskuratu du saria, eta Trumoia ortzi beltzean hoska doinuz abestu zuen. Norberaren identitateak sorrarazten dituen kezkak eta galderak izan ditu hizpide bertsoetan. Bigarren zarauztar bat ere izan zen saritua atzokoan. Julen Zulaika bertsolariari aipamen berezia egin zioten Zarauzko Merkatu Plaza sortagatik. Bizkaiko aberatsak doinuan, bertso bizi eta alaiak osatu zituen Zulaikak.

Sari-banaketaren amaieran, Iñigo Mantzizidor Mantxik berriki zendu den Rufino Iraolaren oroimenez lau bertso abestu zituen, Iraolak berak onduak. Iraola hainbat urtez jardun izan da Basarri bertsopaper lehiaketan eta Lizardi sariketan epaile lanetan, eta Mantxiren esanetan, "merezitako omenaldia" egin zioten atzo.

Hemen daude irakurgai sarituak izan diren bertso-sortak.