Iritzia: Denok izan gaitezen aske

"Denbora eman nahi izan diot neure buruari, lasaitasun eta perspektiba pixka bat gehiagorekin, udaran pil-pilean egon den gaiari heltzeko". Horrela hasten da Loiolak Urola Kostako HITZAko Puntuka atalean argitaratutako iritzia.

Lehendabiziko dezepzioa ekainaren 28an hartu nuen,  LOS 40 summer live musika festibala Deban, nire jaioterrian, izango zela jakin nuenean. Gure identitatea eta hizkuntza errespetatzen ez dituzten ekitaldiak diru publikoz ordaintzearen aurka nago erabat, eta are gehiago festibal honek dakarren formatuarekin. Handik gutxira atseginez jakin nuen herriko gobernu berriak festibala bertan behera utzi zuela. Gutxi iraun zidan pozak, ordea: Debak bertan behera utzitakoa nire bigarren herriak erosi zuelako merkealdietan. Zarautzen izango zen  LOS40 summer live.

Aitortu beharra daukat une horretan euskaldun bezala sentitzen nintzela zapaldua (beste behin ere) eta ez emakume bezala (oraindik).  "Llevamos una gira muy chula recorriendo España y aqui estamos" bezalako esaldiak esan ziren erdara hutsean garatu zen ikuskizun horretan. Udaletxe euskaldun eta diskurtsoz euskaltzale batek nolatan kontratatu dezake hau? Denak balio al du malekoia betetzeko?

Bat-batean baina, nire alerta-mekanismo guztiak martxan jarri ziren kontzertu horietako baten bideoa ikustean, honela zioen letrak:  "Animal. Me pones animal. Lo que quiero hacer contigo no es legal. Animal. Casi criminal". Udaletxe batek festibal honek dakarren festa eredu lotsagarria sustatzea gaizki iruditzen zait, baina zilegi dela onartu dezaket, nazkagarria baina zilegi. Baina bortxaketaren kultura diru publikoz ordaintzea onartezina da.

Handik bi egunetara Bilbon izandako talde bortxaketa baten berri izan genuen. Berriro ere. Erasotzen gaituzte, bortxatzen gaituzte eta hiltzen gaituzte. Eta orduan, honako mezua zabaldu nuen Twitterren: nire ustez larriena, askorentzat Zarautzen entzundako letra horiek eta Bilboko bortxaketak inongo loturarik ez dutela da. Egia da adostasun mezu asko jaso nituela, baina baita desadostasunezkoak ere.
Kontua ez zen hemen bukatu, egun gutxira Bilboko Udalak C. Tanganaren kontzertua bertan behera utzi zuen. Sekulako polemika sortu zen, adierazpen askatasuna, zentsura, faxismoa,... Erasotzen, bortxatzen eta hiltzen gaituzten bitartean. Bilboko Udala barregarri geratu da, baina ez tipo honi jotzen utzi behar ziolako baizik eta aldez aurretik zer abesten zuen aztertu eta ez zuelako horrelakorik kontratatu behar. Modua desegokia izan da, horretan ados.

Garbi daukat abesti edo abeslari batzuei ateak itxita bakarrik ez dugula eraso matxistekin bukatuko, baina hori bezain garbi daukat ate horiek itxi gabe ez dugula ezta ere eraso horiekin bukatuko. Eta barkatuko didazue, baina ez da zentsura, defentsa baizik. Emakumeen aurkako indarkeria gizartean egituratua dagoelako eta forma ugari hartzen dituelako: indarkeria fisikoa dugu nabarmenena, baina hor daude indarkeria sinbolikoa, instituzionala eta diskurtsiboa ere. Hor daude. Horrelako letrek bortxaketaren kultura bezala ezagutzen dugun egitura sozialari eusten diote: emakumeak sexu-objektu bihurtzea, biktimen estigmatizazioa eta bortxaketaren justifikazioa bultzatzen dituzte. Eta hori diru publikoz sustengatzea onartezina da.

Bilboko Udalaren erabakia oso kritikatua izan zen, adierazpen askatasunaren izenean. Eskuinetik eta ezkerretik. Adierazpen askatasunak mugarik izango ez balu bezala. Nik behintzat, garbi ikusten dudanean nire adierazpen askatasunerako eskubidea bestearen eskubideak urratzen hasten naizen lekuan bukatzen dela. Ahaztuko balitzaie bezala, munduan pertsona guztiok ez gaudela posizio berdinean, zapaltzaileak eta zapalduak daudela. Eta ahaztu izan balitzaie bezala desoreka posizio horiek gizarteak berak eraiki zituela eta mantentzen dituela. Ditugula. Desoreka posizio horiek legitimatzen dituzten iritziak publikoki adieraztea ez da adierazpen askatasun ekintza bat, ekintza matxista bat baizik (edo arrazista, edo homofoboa...). Iritzi horiek adierazten dituztenek ez dutelako hori egiten askeak direlako, baizik eta matxistak direlako (edo arrazistak, homofoboak...). Eta hori, onartezina da. Erasotzen gaituztelako, bortxatzen gaituztelako eta hiltzen gaituztelako.

Donostiako Piratek bertan behera utzi zuten abuztuaren 14ko egun osoko egitaraua, 24 orduren buruan 6 sexu-erasoren salaketak jaso zituztelako beraien puntu morean. 2018an 111 bortxaketa eta 548 sexu-delitu salatu ziren EAEn, aurreko urtean baino %30 gehiago. 2019ko zenbakiak ez dira arinagoak izango.
Ehun zango dituen sistema matxista honi eusten dion hanka bakoitzarengan eragin beharra dago datu hauek errepika ez daitezen, eta zoritxarrez, horietako bat da musika. Denok izan gaitezen aske.