Extremadura, sorterria gogoan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2019ko ira. 6a, 08:00
Ekainean ospatu zuten 32. Kultur Astea Zarauzko Francisco Zurbaran extremadurarren elkartean.

50-70 hamarkaden bitartean Extremadura utzi eta Zarautza etorri ziren lagunek eta beren familiek, Extremadura Eguna ospatuko dute igandean bazkari batekin.

Igandea, irailaren 8a, Extremadurako Eguna izango da, Guadalupeko Amabirjinaren egunarekin bat etorrita, eta Zarauzko Francisco de Zurbaran Extremadura Etxeko kideek beren sorterriko eguna ospatuko dute bazkari batekin.

Egutegian gorriz markatuta izan ohi dute irailaren 8a extremadurar jatorria duten zarauztar askok. "Extremadurako Eguna Euskal Jaien hasieran egokitzen denez, bazkideak biltzeko nahiko data konplexua izan ohi da, elkarteko kide gazte askok konpromisoak izaten dituztelako". Dena dela, 50eko hamarkada bukaeratik 70eko hamarkada bitartean jaioterria utzi eta Zarautzera etorri ziren adinekoek ez dute hutsik egiten, eta bazkari eder batean sorterriko oroitzapenak gogoratzeko aukera aproposa izaten da beraientzat. "Guretzat biltzeko eta mahai bueltan une atsegina igarotzeko aitzakia izan ohi da. Gainera, herriko gainontzeko elkarte gastronomikoetako ordezkariak ere gonbidatzen ditugu, Extremadurako Eguna gurekin batera ospatzera», azaldu du Zarauzko Extremadura Etxeko presidente Jose Luis Cidek. 
Bazkarian ez dira faltako Extremadurako produktuak, ezta Euskal Herriko arrain eta txuletak ere. «Herrialde bakoitzeko produkturik esanguratsuenak dastatzen ditugu egun horretan, eta bazkaria bi herrialdeen arteko senidetzaren adierazle izan ohi da".


Argazki erakusketa


Aurten Zurbaran Extremadura Etxeak 40 urte bete ditu, eta urteurrena ospatu eta elkartearen hasiera oroitzeko bi proiektu dituzte esku artean. Alde batetik, liburutxo bat argitaratu nahi dute elkarteko kide izan diren bazkideen fitxarekin, eta bestetik, elkartearen lau hamarkadak gogoratzeko argazki erakusketa ere osatu nahi dute.

Erakusketa egin ahal izateko bazkideen artean deialdia egin du elkarteko zuzendaritzak, eta datozen lau hilbateetan, urtea amaitu bitartean, argazki zaharral bildu eta ikusgai jarriko dituzte Zarauzko Extremadurako Etxean. "Gure asmoa hogei argazki inguru biltzea da. Egia esan, oso harrera ona izan du proiektuak bazkideen artean, eta elkartearen lehen urteetako argazki mordoa jaso ditugu. Garai horretan, elkartea sortu zuten lehen bazkideak gazteagoak ziren, eta gaur egungo bazkide asko haurrak eta gaztetxoak; beraz, oroitzapen politak ekarriko dizkigu erakusketak".


Bazkideen liburua


Liburua ere datozen lau hilabeteetan landuko dute Francisco de Zurbaran Extremadura Etxeko kideek, eta urtea bukatzerako prest izatea espero dute. Proiektua amaitutakoan, jendaurrean aurkeztuko dute, eta bazkide bakoitzari ale bat oparitzea da elkartearen asmoa.