Bi kontzertu emango ditu MKT-k datorren asteburuan

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 6a, 12:24

Lau urte kontzerturik eman gabe igaro ostean, oholtza gainera itzuliko da MKT taldea berriro.

Irailaren 13an eta 14an bi kontzertu eskainiko ditu Zarauzko MKT taldeak. Lehenengoa Urretxuko gaztetxean, eta bigarrena Zarautzen, Putzuzulon.

Duela 10 urte atera zuten lehen diskoa: Zein ziren eder, zuhaitz haiek zutik. 2014an bigarren diska plazaratu zuten, baina 2015az geroztik ez dute kontzertu gehiagorik eman. Orain indarrak hartuta itzuliko dira oholtza gainera, "gogotsu" daude kontzertu horiek emateko. Jakinarazi dutenez, bi hauen ostean ez dute kontzertuak ematen jarraitzeko asmorik, beraz, baliteke hiru zarauztarrak batera zuzenean ikusteko azken aukeretakoak izatea. Irailaren 13an, ostirala, Urretxuko gaztetxean izango dira 23:00etatik aurrera. Haien aurretik, Mikel Laboaren omenez plazaratutako disko bat aurkeztuko dute bertako hainbat lagunek. Hurrengo egunean, larunbatean, Putzuzulo gaztetxean eskainiko dute kontzertua afari herrikoi baten ostean, Hägëndäs taldearen ondoren. Festa amaitzeko, DJ Mikel ariko da musika jartzen.