Euskal Astea 2019

Euskaraz Bizi Eguna, umoretik eta aldarrikapenetik

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 7a, 14:48

185 lagunek hartu dute parte aurtengo kirol proban, horietatik hemeretzik roller lasterketan. Umore ona izan da nagusi, baina egon da momentu hunkigarririk ere. Izan ere, parte hartzaile batzuk Ainhoa maite zaitugu zioen kartelekin helmugaratu dira, hilaren 16tik aurrera Madrilen epaitua izango den Ainhoa Baglietto zarauztarrari babesa erakutsiz.

Umorea eta aldarrikapena ikusi dira gaur goizean Euskaraz Bizi Egunean. Ohi bezala, lasterketa herrikoia egin du hainbat herritarrek Musika Plazatik abiatuta. 185 lagunek eman dute izena, horietatik hemeretzik roller saioa egiteko.

Urtero bezala, adin guztietako herritarrak bildu dira irrifarrea ezpainetan, euskararen alde kilometro batzuk egiteko.

Momentu hunkigarriak ere egon dira, irailaren 16tik aurrera Madrilen epaituko duten Ainhoa Bagliettoren aldeko kartelekin iritsi direlako helmugara parte hartzaile batzuk. Ainhoa maite zaitugu zioten kartelek, eta beltzez jantzitako kuadrilla ikustean emozionatu egin da antolakuntza lanetan zebilen Baglietto. 11/13 auzian epaituko dute, eta hain justu, astelehenean, Euskal Jai Egunean, 13:45ean haren aldeko mosaikoa egingo du hainbat herritarrek Musika Plazan bertan.

Kirolaren txanda pasata, 14:30etik aurrera izango da AEKk eta EHEk antolatutako bazkaria Musika Plazan, eta 18:30ean, berriz,  kalejira aldarrikatzailea egingo dute plazatik abiatuta, Manuela ahizpen doinuen laguntzarekin.