Gurutze Gorriak hainbat ikastaro eskainiko ditu astelehenetik aurrera

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 10a, 12:05

Lehen sorospenetan, uretako sorospenetan eta desfibrilagailu erdi-automatikoa erabiltzen trebatzeko saioak antolatu dituzte.

Zarauzko Gurutze Gorriaren Herri Biltzarrak Lehen Sorospenen, Desfibrilagailu Erdi-Automatikoaren Erabilerarako eta Uretako Sorospen ikastaroak antolatu ditu, eta datorren astetik aurrera eskainiko ditu; irailaren 16tik aurrera, alegia.

Lehen Sorospenen ikastaroa biztanleria guztiari zuzenduta dago,  eta bertan ezusteko gaixotasun edo istripu baten aurrean eman beharreko oinarrizko pausoak irakasten dira, bihotz-biriken berpizkundea, zaurien ardura etab landuz. Ikastaroan izena emateko baldintza bakarra gutxienez 16 urte izatea da, eta era berean, unibertsitatean aukera askeko kredituak lortzeko baliagarria da.

Desfibrilagailu Erdi-Automatikoa erabiltzeko ikastaroan bihotz-geldialdian hain erabilgarriak diren gailu hauek nola erabili erakusten da, formatu laburrean.

Uretako Sorospenen ikastaroan uretan eta itsasoan sorospena emateko teknikak lantzen dira, hondartza eta itsas-inguruaren ezagutzaz gain. Ikastaro hau egiteko 18 urte beteak izan behar dira.

Informazioa eskuratu edota izena eman nahi duenak 610 10 28 72  telefonora deitu dezake edo zarautz@cruzroja.es helbidera idatzi.