Azken txanpan sartuta, auzolanerako ilusioz

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ira. 11a, 09:00
Kilometroetako giza baliabideetako batzordea (Amaia Urbieta Arruti).

Kilometroetarako hilabete baino gutxiago falta da, eta giza baliabideez arduratzen den batzordea galtzak bete lan dabil. Egunean bertan laguntzeko izena eman daiteke ‘kmk19.zarauzkoikastola.eus’ helbidean.

Berezia izango da aurtengo Kilometroak festa. Salbatore Mitxelenako kideentzat berezia, beraien ikastola izango baita antolatzailea, eta orokorrean berezia, orain arte ezagutu den Kilometroak festaren ereduko azkena izango delako. Nolabaiteko inflexio puntua markatuko du aurtengo urriaren 6ak, beraz. Eta nola ez, ondo borobildu nahi dute orain arte urte luzeetan egindako lana. Ez da nolanahikoa horrelako festa erraldoi bat antolatzeak atzean dakarren lana. Ia urtebete daramate lanean batzorde eta azpibatzorde desberdinetako kideek, tartean baita giza baliabideez arduratzen direnek ere. Hamaika ekitaldi antolatu dituzte urte guztian zehar, eta guztiak "ederki" atera direla uste dute. Gaur arte eginikoaz harro, urriaren 6ra begira dago egunotan giza baliabideen batzordea.

Gauza jakina da mota honetako festen ardatza direla auzolana eta borondatez eginiko lana. Lan handia. Urte osoan zehar ehundaka lagun musu truk lanean jardun dira, baina hitzordu nagusirako beharrezkoa izango da laguntza hori biderkatzea. Antolatzaileek kalkulatzen dute ia 1.500 pertsonak egiteko adinako lana izango dela urriaren 6an. Jende hori biltzen dabil egunotan giza baliabideen lantaldea, eta bide ezberdinetatik ari dira laguntzera animatzeko mezuak zabaltzen: "Egun ederra izango da, eta ederragoa laguntzeko behar adina pertsona bagaude", dio Isabel Maritxalar batzordekideak.

Dagoeneko jendetza aurkeztu da boluntario urriaren 6an lanean aritzeko. Izena eman nahi izanez gero, kmk19.zarauzkoikastola.eus helbideko formularioa bete behar da. Lan talde desberdinetan izena emateko aukera ematen du formularioak, eta haietako batzuk dagoeneko osatuta daude. Aipagarria da aurten feminismoa landu duen batzorde bat izan dela Kilometroen antolakuntzaren barruan, eta egunean bertan ere izango dute beren espazioa. 



Giza baliabideen batzordekideen hitzetan, zenbait lanetara animatzea gehiago kostatzen zaio jendeari. Zirkuitua, jasangarritasuna/garbitasuna, prebentzioa eta trafikoa dira betetzen zailenak diren lan taldeak. Erronkan eta prebentzioan egin beharreko lanak, esaterako, laguntzera animatzen diren jende gaztearentzat egokiak direla uste dute.
 
Ikastolako langileek, gurasoek eta ikasle ohiek osatzen dituzte orain arte lanean aritu diren batzorde desberdinak eta, hain zuzen, komunitate horretatik abiatu dira giza baliabideetakoak laguntzeko jendea lortzeko. "Txikitik handira jo dugu", azaldu du Miriam Mendozak. Ikastolako komunitatearen ondoren herriko eragile eta elkarteengana jo dute. "Herriko elkarteen ateak jo ondoren oraindik jendea falta bazaigu, herritik kanpoko jendeari eskatuko diogu laguntza, baina oraingoz ez dugu halakorik egin".


Eskerrak parte hartzaileei

Erronkarik handiena oraindik heltzear bada ere, "harro" daude orain arte egindakoaz. "Logoa, leloa, abestia... zoragarriak dira, eta oso mezu indartsua helarazten dute. Ikastolatik harago, kanporako begirada ere badaukagula adierazten dute", azaldu du Mendozak. Atzera begira jarrita, dagoeneko zenbat lan egin den ohartuz, eskerrak eman nahi izan dizkiete gaur arte musu truk lanean aritu diren guztiei, eta datozen lau asteetan eta egunean bertan arituko direnei.

Batzordekideen ustez euskaldunen izaeraren parte da auzolanerako sena. "Antzina baserrietan lan gogorren bat egin behar zenean auzolanera deitzen zen. Orain berdin egin behar dugu". Hala, herritar guztiak animatu dituzte izena ematera Kilometroen egunean laguntzeko. "Urriaren 6ko eguna zoragarria izango da, eta zenbat eta boluntario gehiago animatu, lana banatuago egongo da eta guztiok izango dugu gozatzeko aukera".