Berrerabilera, Lesboseraino

Egunean plastikozko 2.000 poltsa banatzen ditu Zaporeak elkarteak errefuxiatuei otordua emateko. Zarautzen saredun poltsak josi dituzte, Greziara bidaltzeko.

Ostegun goizean emakume kuadrilla batek okupatua zuen mahai luze bat Zarauzko Iñurritzako jubilatuen elkartean. Arrantzaleen sareak erabilita, berrerabili ahal izateko poltsak josi eta josi aritu ziren. Grinatsu, zerbait polita eta praktikoa egiten ari zirenaren jakitun. Gipuzkoan barrena, beste hainbat etxe eta lokaletan ere, antzera ariko ziren goiz hartan nahiz aurrekoetan. Izan ere, hilabete eta erdi daramatze proiektuko partaide solte eta anonimoek sareak josi eta josi, guztira 2.000 poltsa berrerabilgarri egiteko. 

Zertarako? Norako? Greziako Lesbos uharteko puntara bidaltzeko. Han Zaporeak elkarteak egunero otordu bat eskaintzen die errefuxiatuei, eta egunero plastikozko 2.000 poltsa banatzen ditu horretarako. Begoña Egaña Zarauzko bizilagunak jarri du martxan proiektua, hiru astez han errefuxiatuei otorduak emateko laguntzen aritu ondoren. "Lesbosetik hona itzuli eta ezin nuen beste ezertan pentsatu", azaldu du. Horrenbeste plastiko ez erabiltzeko zerbait egin beharra zegoela sentitu zuen barru-barruan, eta ideiak ontzen aritu zen. Hala azaldu zion medioei: aurrena egunkari honi; gero Berria-ri, eta ondoren Euskadi Irratiari. "Irratian azaldu nuen gehien poltsa berrerabilgarrien proiektua. Jende askok entzun zuen, eta gurekin harremanetan jarri ziren, lagundu nahi zutelako". 

Hasiera-hasieran, asmoa zen telazko poltsak egitea. Baina laster baztertu zuten ideia hori. "Bilera batean geundela, andre bat etorri zen esanez Getariako arrantzaleek soberan zituztela sareak, eta ez zekitela zer egin haiekin. Ez genuen birritan pentsatu: sarea birziklatzea pentsatu genuen". Sareak garbitu, lehortu, patroi baten arabera moztu, eta hamarreko paketeka banatu zituzten boluntarioen artean. Zarautzen ez ezik, Zumaian, Donostian, Pasaian, Errenterian, Antzuolan... josi dituzte poltsak. Ia bi hilabete geroago, betetzear dute helburua: ostegunean 1.320 poltsa kaxetan sartuak zituzten, prest. Eta etxeetan zeudenak kontatuta, 1.800 zituzten eginda guztira. Azken poltsak igande honetarako jasotzea espero dute. Hala, Zaporeak elkartearen hurrengo bidalketan eramango dituzte poltsak. 


Eskerrak emateko unea

"Orain arte eskatu eta eskatu ibili gara; orain, eskerrak emateko unea da", zioen ostegunean Egañak. Buruarekin baietz egiten zuten gainerakoek. "Aurrena, eskertu sarea eman diguten arrantzaleei; baita jubilatuen elkarteari ere, goiz askotan mahai guztiak erabili ditugulako sareak mozteko eta materiala gordetzeko; Hotz Zarautzi, haria erosteko dirua eman digulako; eta, nola ez, josi duten guztiei. Jendeak oso-oso harrera ona egin dio. Espero dugu ilusio berarekin jasoko dituztela haiek".