Ibon Imazen Oroimenezko Surf Txapelketa jokatuko dute asteburuan

Ibon Imazen Oroimenezkoaren aurreko edizioetako bat (Aritz Mutiozabal).

Zarauzko Surf Elkarteak boluntarioak behar ditu larunbatean eta igandean laguntzeko.

Zarauzko XXIII. Surf Txapelketa Herrikoia antolatu du Zarauzko Surf Elkarteak astebukaera honetarako, udalaren eta beste hainbat enpresaren laguntzarekin. Lehen kanporaketak larunbatean jokatuko dituzte, eta finalak, berriz, igandean. Aurtengoa ere Ibon Imazen Oroimenezkoa izango da, baina gogoan izan nahi dituzte urtean zehar zendu diren Jakes Landa eta Oskar Martinez Tubero, eta haien omenez prestatu dute edizio berria.

Zarauzko Surf Elkarteko bulegoan eman daiteke izena –osteguna bitartean, 16:00etatik 19:00etara, eta ostiralean, 15:30etik 18:00etara– edo zse@zarauzkosurfelkartea.com posta elektronikora idatzita. Maila batean parte hartzeak 10 euro balio du, eta bigarren batean nahi izanez gero, 5 euro.

Bestalde, elkarteak jakitera eman du boluntarioak behar dituela astebururako; gutxieneko adina 14 urtekoa da. Interesatuek izena eman dezakete posta elektronikoz edo 943-89 02 25 telefonora deituz. Boluntario guztien artean surfeko taula bat zozkatuko dute, gainera.