"Trapu zikinak ateratzea ordainarazi nahi digute"

Dorleta Agiriano Lai / Onintza Lete Arrieta 2019ko ira. 12a, 10:30

Astelehenean hasiko da ‘11/13 auziko’ epaiketa Madrilen. 47 herritar epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean, tartean Nagore Garcia zumaiarra, Eneko Ibarguren azpeitiarra eta Ainhoa Baglietto bera.

"Urte hauetan guztietan, oso momentu gogorrak bizi izan ditut, gauza asko ikusi ditut, negar eta tortura salaketa askoren testigu izan naiz, Auzitegi Nazionalean torturapean lortutako frogen testigu izan naiz, eta milaka kondena ikusi ditut guk jaso ditzakegunak bezalakoak". Ainhoa Baglietto (Zarautz, 1971) hogei urtez aritu da abokatu, sarri ETAko kide izatea egotzitako herritarrekin. Astelehenetik aurrera, bera eseriko da auzipetuen aulkian, eta 11 urteko espetxe zigor eskaerari egin beharko dio aurre, "ETAren espetxe frontea osatzea" egozten diolako fiskalak beste 46 auzipeturekin batera. ‘11/13 auzian’ 11-20 urte arteko espetxe zigor eskaerak dituzte. Tartean dira Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarra eta Nagore Garcia zumaiarra ere. 

Gerturatu da epaiketa eguna, eta zuen egoera salatzeko manifestazio nazionala egingo da etzi Bilbon. Herriz herri ere hainbat ekimen egin dira zuei babesa erakusteko.
Batez ere pasa den asteburua izan da indartsuena, baina gure herrian , Zarautzen, udan ere egin dira ekimenak. Informazioa banatzen lan handia egin da: aurrena malekoian banatu genuen informazioa, eta jende mordoa gertutatu zitzaidan laguntza eta animoak ematera. Abuztuko jaietan eta Euskal Jai Egunean ere babes keinuak egon dira. Azken egunetan jende pila bat etorri zait zortea opatzera.  
2015ean hasi zen amesgaizto bat da hau, baina epaiketaren data orain gutxi jakin da. Uda gogorra izango zen.  

Badaude momentu gogor batzuk: atxiloketa unea, eskaera fiskala iristen denean, esaterako, inondik inora espero ez duzun 11 urteko espetxe zigor eskaera iristen denean, edo epaiketari begira jartzen zarenean. Momentu asko dira, 47ak elkartu eta bakoitzaren panorama ikusten duzunean... Momentu txarrak eduki ditut, beste momentu batzuetan lortzen nuen entretenitzea kirola eginez, lagunekin beste gauza askori buruz hitz eginez... Baina azkenengo bi aste hauek beste gauza bat izan dira: epaiketaren atarikoak, urduritasunak... Medikuarengana jo behar izan dut, lasaitasunik ezin nuelako lortu. Aldi berean, momentu oso hunkigarriak ere bizitzen dituzu. 


Zein dira momentu horiek?

Adibidez, atzo bertan [herenegun] deitu zidan Urretxuko emakume batek, zeinak urte asko pasa dituen presoen familiarrak laguntzen, eta esaten zidan asko gogoratzen zela gutaz eta larunbatean manifestazioan izango zela. Orain gutxi, berriz, ezezagun bat etorri zitzaidan artilezko txapel batekin, Madrilgo negu hotzerako. Edo aurreko larunbateko herri bazkariaren aurretik, korrika saioan lagunek egin zidaten opari polita [Ainhoa maite zaitugu zioten kartelekin helmugaratu zen haur eta heldu talde bat] ere hunkigarria izan zen.

Igandean abiatuko zarete Madrilera, eta epaiketak hiru hilabete irautea aurreikusten da: psikologikoki ez ezik, ekonomikoki ere eragin handia izango du zuentzat.  
Horrelako epaiketa batek izugarrizko gastua du, eta ezingo genuke jasan Euskal Herritik bideratzen den laguntzarik gabe. 47 pertsona lekualdatu behar gara Madrilera beraiek jarritako egunetan, eta bertan behera gelditzen bada, inork ez dizu dirurik itzultzen. Hara joan eta epaileren bat gaixo dagoelako edo lekukoren bat agertzen ez delako bertan behera utzi behar bada saioa, gastu horiek zure kontura dira.Guri, abokatu bezala, askotan gertatu zaigu halako epaiketa bat lehenengo hiru egunetan bertan behera utzi eta, adibidez, handik hiru-lau hilabetera jarraitzea.  


Ezer ez dago zuen esku.

Ez. Niretzat oso inportantea zen nire planetan orden pixka bat egotea, eta kaos hau oso gogorra da. Eta ez dut pentsatu ere egin nahi haur jaioberriak dituzten amentzat edo familientzat zer izango den. 


Egoera hori bizi duten kideak ere badituzue.

Bai, ama izan diren bi kide ditugu. Eta ez da ahaztu behar guraso nagusiak dituen jende asko ere badugula. Baina tira, hau ez da gure egoera bakarrik. Gure lanean, gure egunerokotasunean bizi izan dugun gauza bat da. Abokatuak izan garenean, gure bezeroek ere horrela bizi izan dute, eta hainbeste zalapartarik gabe. 


Zuen auziak izan du oihartzuna.


Nire ustez, jendea kontziente izan da batez ere Altsasukoa eta gero. Jende asko konturatu da noraino den gai Espainiako Auzitegi Nazionala eta nola jaso dezakeen edonork zigorra, bere aurkako frogarik egon ez arren.  


Zuen aurkako epaiketak ez dirudi helduleku handirik duenik, ez fiskalaren argumentuei begiratuta, ez garaiak kontuan hartuta. Hala ere, zigorra etor daiteke. 

Abokatu naizen aldetik, pertsonalki, sententziarekiko oso aurreikuspen onak nituen dosierra ikusi ondoren. Baina, era berean, niretzat ez zen sorpresa bat izan Altsasuko epaia. Beraz, hankak lurrean eduki behar ditugu, posible delako 47ak kondenatuak izatea. 18/98 auzia hor dago, eta horren ondorengo sumario guztiak horrela izan dira, Egunkaria eta Udalbiltza auziak kenduta. Guardia Zibilaren tesiek eta horretan oinarritutako "dena ETA da" horrek pisu handia dute, nahiz eta egozten diguten delitua ETAk armak utzitako garaia izan, hau da, ETAri lagundu baldin bagenion, hori da beren tesia, izango zen armak uztera, eta tira, horrek ez dauka inolako zentzurik. Egoera absurdoa izan arren, ezin dugu burutik kendu zigorrak posibleak direla, eta oso posibleak.

Zuk esana duzu, zuen atxiloketarekin bilatzen zutena irudi bat zela.

Edozein epaitegi arruntetan, prozesu bat irekitzean, normalena zitazioa izaten da. Kasu batzuetan, horren ordez zuzenean atxiloketa ematen da. Gu ez gintuzten zitatu; atxilotu eta Madrilera lekualdatu gintuzten, nahiz eta gutako askok Auzitegi Nazionalean egiten genuen lan, egun bat bai eta hurrengoan ere bai. Atxiloketarekin bilatzen zutena irudi bat zen. Ez ziren galdeketak egiten saiatu, ez zuten gure deklarazioa bilatu, ez ziren ezertan ahalegindu. Aldez aurretik eraikita zegoen dena, txostenak idatzita zeuden eta akusazioak eginda zeuden, izan ere, fiskalak poliziak hasieran egindako txostena baliatu du gure kontra jotzeko, aldaketarik egin gabe. Abokatuon aurkako akusazioak copia-pega bat dira. Adibidez, prentsaurrekoak ematea egozten zaigu guztioi, baina ez da inon zehazten zein prentsaurrekotaz ari diren, noiz eman ziren, nola... Azken finean, zein den delitua. 

Zein izan da abokatuon eginkizuna? 

Edozein abokatuk bezala, gure bezeroen defentsa juridikoa egin dugu. Baina Auzitegi Nazionalak oinarrizko eskubidea den defentsa modu errealean gauzatzea oztopatu izan duenez, gure esku egon izan diren legezko bide guztiak jorratu ditugu, tartean, Europako tribunalak, Arartekoa, prentsaurrekoak eta abar. Besterik ez. Eta hain zuzen ere, horixe da gure kontra dagoen akusazioa; prentsaurrekoak ematea, abokatuen elkarte bat osatzea, eta azken finean, presoek jasaten dituzten eskubide zanpaketak salatzea, nahiz eta hau ez duten horrela azaltzen, noski. Hau guztia ETAren agindupean egin dugula diote. Eta jakina, guztia gezurra da. 

Zure ustez zergatik jo dute zuen lanaren kontra? 

Abokatuok beti izan gara lekuko deseroso bat Guardia Zibilarentzat, eta Espainiako Estatuarentzat. Gu izan gara lehenengoak inkomunikazioa altxa eta Unai Romano ikusi genuenak, edo Iratxe Sorzabal ikusi genuenak [torturak jasan zituzten bi herritar]. Hau guztia prentsaurrekoetan azaldu dugu, senideekin egon gara, nazioartera jo dugu; Parot doktrina errekurritu dugu, Espainiako Estatuaren zanpaketak Europaraino eraman ditugu... Azken finean, beraien demokrazia itxura hori altxatu eta azpian dauden trapu ustelak ateratzea nolabait ordainarazi nahi digute. Gauza bera medikuekin, senideekin, eta hau salatzeko mugitzen eta antolatzen den edozein herritarrekin. 

Dena den, zure ustez fokoa ez da zuen auzian jarri behar, euskal presoen egoeran baizik.

Nik uste dut gure auzian baino, atzera jo eta gogoratu behar dugula oraindik 248 pertsona daudela espetxean, beraiek pausoak emanda ere ez zaizkiela onartzen baldintzapeko askatasunak, sakabanaketak hor jarraitzen duela, eta egoera hori dela konpondu behar dena; hor eman behar dira pausoak.