Felix Zubia: "Bideaz ez banu gozatuko, ez nuke parte hartuko txapelketan"

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ira. 14a, 09:00

Duela lau urteko txapelketan finalerdietara iritsi zen Felix Zubia, eta hori dela eta aurtengoan ez du sailkapen fasean kantatu beharrik izan. Gorriz markatua dauka egutegian gaurko eguna, txapelketari hasiera emango baitiote berak eta beste bost bertsolarik, Oñatin.

Jarraitu al zenuen maiatzeko sailkapen fasea?

Bai, udaberri alderako hasi ginen entrenatzen Mantxi [Iñigo Mantzizidor], Julen [Zulaika] eta hirurok. Egia da norberari kantatzea tokatzen zaion arte ez duela agian horren serio hartzen kontua. Uste dut maiatzeko sailkapen fasean oso galbahe gogorra egon zela. Maila altuko bertsolari asko zeuden eta fase hori pasatze hutsak meritu handia dakar berarekin. Horregatik, aurkari gogorrak espero ditut, lehen txandatik.

Hain justu, Oñatin zurekin abestuko duten bertsolariak oso gazteak dira.

Bai, hor koska handi bat ikusiko da, belaunaldi aldaketa bat. Aurten hogei urte egingo ditut txapelketan, eta horietako batzuentzat lehen txapelketa da beharbada. Kasualitatez, Amaia Iturriotz nire ikaslea izana da eta orain nirekin abestuko du, kuriositate moduan. Alde batetik, oso polita da hori ikustea. Badakit txapelketan kantatuko duen zaharrena ez naizela, baina ia-ia bai.

Besteak gazteago izate horrek konfiantza puntua ematen al dizu?

Konfiantza ematen dizu hainbeste urtetan kantatu izanak, nahiz eta gero agian saio txarrena nik egin. Gutxi gorabehera badakizu zer den txapelketa. Tokiak eta giroak ez naute sorpresaz harrapatuko, baina besteak gazteak izateak esan nahi du grinez datozela, eta gainera oso bertsolari onak dira. Beraz, gazte izate horrek konfiantzarik ez dit kentzen, baina ez nau lasaitzen, zentzu onean esanda. Badakit lehiakide gogorrak izango direla.

Azken bi txapelketetan emaitza onak izan dituzu.

Azken bietan bai, baina denetik tokatu izan zait. Hau izango dut bostgarren txapelketa, eta egia da azken bietan oso gustura aritu naizela, nahiz eta azkenengoan izan nuen azken saioarekin ez nintzen oso konforme gelditu. Badakit denetik daukala txapelketak, eta ahal den ondoen pasatzera noa aurtengoan. Nik ez dut inoiz ibilbide bati begira kantatu, beti ondo pasatzeko kantatu izan dut eta horrekin oso gustura nago.

Zer dauka txapelketak, berriro ere izena ematera bultzatzen zaituena?

Egia esan duda handia izan dut aurtengoan izena eman edo ez. Zure buruari erronka bat botatzen diozu, eta hori polita da. Prestatu egin behar duzu, bertsolari gazteak gero eta hobeto prestatuta daudelako. Hogei urte hauetan aldaketa hori nabaritu dut. Nik ere hobetu dut, baina behetik datozen denak gero eta hobeto prestatuta datoz, maila gero eta altuagoa dago, eta horrek eskatzen dizu zure burua estutzea. Polita dena da aurretik egiten den lana. Zuk zure buruarekin egiten duzuna, eta taldean egiten dena. Errimategia landu, arrazoia nondik etorriko zaizun ohartu... Gero askotan ez da azaleratzen, baina egindako lan hori zurekin geratzen da. Hori da txapelketak duen gauzarik politena. Entrenatzen ez banu gozatzen dudan adina gozatuko, ez nuke parte hartuko. Garbi daukat hori, dena egun batera jokatzeak zentzurik ez dauka.