Iñigo Mantzizidor 'Mantxi': "Nire markak haustea izan ohi dut erronka txapelketa denetan"

Amaia Urbieta Arruti 2019ko ira. 15a, 10:37

Atzo hasi zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Oñatin, eta gaur bigarren final zortzirena jokatuko dute Amasa-Villabonan. Bertan abestea egokitu zaio Iñigo Mantzizidor 'Mantxi'-ri. Urduri egon arren, "ilusioz" heldu dio txapelketari.

Nolako gorputzaldiarekin zaude gaurko saiorako?

Pixkanaka urduritzen ari naiz. Sailkapen fasea jokatu genuenetik denbora dezente pasa da, maiatzean jokatu genuen eta tartean uda egonik, ez gara nahi beste aritu. Gogoz eta ilusioz heldu diogu txapelketari, baina gero eta urduriago gaude.

Aurtengo txapelketan atentzioa deitzen du bertsolari gazte askoren presentziak.

Bai, hala tokatzen da. Duela lau urte ere izango ziren gazteak, baina orain eskolartekotik pasa direnak eta lehen ere adinez ahal zutenak baina kantatu ez zutenak ere badaude. Urte asko dira gu hasi ginela eta gu gara txapelketako zaharrenetarikoak.

Konfiantza ematen al dizu zu baino gazteagoekin kantatzeak?

Alde batetik bai, ez da adin kontua bakarrik, beraiek baino txapelketa gehiago pasatu ditugu, eta horrek ematen duen esperientzia gurekin daukagu. Badakigu ez dela festetako saio bat, ezta bertsolari gazteen sariketa bat ere. Gipuzkoako Txapelketa batek beste karga bat dauka eta oholtza gainean hori antzeman egiten da. Zentzu horretan, egia da puntu bat alde daukagula. Bestalde, ordea, gazteek freskotasuna dute, eta eskolartekoa dela, sariketak direla... pil-pilean datoz. Egin dezakete bertsotan guk adina eta gehiago, lasai asko. Azkenean, arratsalde batean jokatzen baita guztia.

Helbururik jarri al diozu zure buruari?

Txapelketetan beti jarri izan diot nire buruari helburutzat ahal dudan urrunen iristea. Finalerdietan eta finaletik gertu behin baino gehiagotan izan naiz, eta zalantzarik gabe nire markak haustea dut erronka. Aurtengoan, gutxienez finalerdietara iritsi nahi nuke, eta gero gerokoak. Zazpigarren txapelketa da hau niretzat, 1995etan hasi eta geroztik denetan abestu dut. Tartean, Euskal Herriko hiru txapelketatan.

Nola prestatu duzu aurtengoa?

Entrenatzen hasi ginen udaberrian maiatzean kantatu behar genuelako. Formula magikorik ez daukagu. Errimak eta abarrak aspaldi landuta ditugu, eta iristen garen lekura iristen gara. Zenbaitek askoz errima estuagoak erabiltzen ditu, baina bakoitzak errimategia erabiltzeko bere modua dauka. Egiten dugun lanaren helburua burua aktibatzea da. Elkartu, txapelketako ariketak egin eta elkarri iruzkinak eta zuzenketak egin. "Gai hau horrela hartu bazenu hobe, halako asko gustatu zait baina halako ez..." horrela laguntzen diogu elkarri. Jardutea ondo dago, baina horrez gain gauzak garbi esatea beharrezkoa da. Nikolas Zendoia eta Pello Esnalen tutoretzapean entrenatu izan dugu urte askoan. Gero, norberak nahi izanez gero, bere kontura egin behar du lan.

Bertsolariek sarri esaten duze bideak asko aberasten zaituztela

Nik hala pentsatzen dut, eta gehiengoak ere bai, izena eman badugu, ilusioz hartu dugulako da. Ni, bestela, ez nintzateke apuntatuko. Txapelketak duen gauza politenetakoa prestatzen jarduten garen garaia izaten da. Denetik ikasten da, eta konturatzen gara zeinen ustelak garen. Ni, esaterako, txapelketa gerturatzen doan heinean, mututu egiten naiz. Aurreko eguneko entrenamenduetan oso gaizki egiten dut bertsotan, eta hala gertatzen denean, badakit sintoma normal bat dela. Arraroa dena da bezperan ni ondo jardutea. Halako kuriositateak elkartuta asko aberasten da bat. "Beste honengandik ikasi behar nuke, edo saiatuko naiz hori egiten..." halakoak pentsatzen dituzu.