Txakolinak jarriko du txinparta

Aritz Mutiozabal 2019ko ira. 12a, 17:07
Iazko mahats biltzearen festa. (Dorleta Agiriano Lai)

Mahats Biltzearen XVIII. Jaia egingo dute igandean, Lege Zaharren enparantzan. Txakolin dastaketa izango da, Getariako Txakolineko hemeretzi upategiren eskutik.

Euskal Jai Egunaren biharamunetik indarberrituta, igande honetan Mahats Biltzearen XVIII. Jaia ospatuko dute Zarautzen. Zarauzko Udalak egitarau zabala antolatu du, ohi bezala, Zurekin herriko ostalarien elkartearekin eta Getariako Txakolina elkartearekin elkarlanean. Goizean goizetik hasiko dira gozatzen, baina eguneko ekitaldi nagusiena eguerdi partean izango da, ohiturari jarraituz, Lege Zaharren enparantzan.

Hasteko, 10:00etan, doako bisita gidatua eskainiko dute Talai Berri txakolindegian. Bertan, txakolina egiteko prozesua ezagutzeaz gain, etxeko txakolina dastatzeko aukera izango da. Bisitan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute aurrez Turismo Bulegoan (Kale Nagusia, 30) edo 943- 83 09 90 telefonora deituz. Herrigunean, berriz, txistulariek girotuko dituzte kaleak, 11:00etan hasita; kalejira Lege Zaharren enparantzan amaituko dute. Bertan, 11:30etik aurrera, haurrei zuzenduriko sormen tailerra izango da. 

Mahats Biltzearen Jaiko unerik garrantzitsuena 12:00etan izango da. Getariako Txakolina jatorri izeneko upategi guztietako mahatsa zapaldu ondoren,  lortutako uzta berriaren lehen muztioarekin topa egingo dute. Jarraian, Txakolin dantza egingo du Jalgi taldeak otxote baten laguntzarekin, eta ekitaldia biribiltzeko, Sebastian Lizasok eta Amets Arzallusek bertso batzuk kantatuko dituzte.

Ekitaldi nagusia amaitzean, jatorri izeneko hemeretzi upategietako txakolina dastatzeko aukera izango da. Sei euroren truke, kopa bat eta bost txakolin hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Txakolindegi parte hartzaileak ondorengoak izango dira: Agerre, Aizpurua, Akarregi Txiki, Ameztoi, Arregi, Basa Lore, Bengoetxe, Elkano, Flysch, Gañeta, K5 Argiñano, Katxiña, Mokoroa, Rezabal, Sagarmiña, Talai Berri, Txomin Etxaniz, Ulacia eta Urki. Edatekoaz gain, hegaluze pintxoak dastatzeko aukera izango da Euskal Parrilaren eskutik; pintxoak 2 eurotan salduko dituzte.


Txakolin-Pintxo

Jaia ez da Lege Zaharren enparantzara mugatuko. Herriko hainbat tabernak eta jatetxek  Txakolin-Pintxo eskaintza izango dute: Euskalduna, Joe, Iruña, Itxaski, Itsas-Lur, Karlos Argiñano, Salegi eta Txiki Politek. Hala, txakolin kopa –edo ura edo mahats-muztioa– eta Toldotxo pintxoa 4,50 eurotan eskuratu ahalko da. Gainera, aipatu jatetxe hauetan txakolinarekin egindako platerak eskainiko dituzte: Itxas-Lur, Itxaski, Karlos Argiñano, Kirkilla Enea, Otzarreta, Santa Barbara eta Txiki Polit.

Mahats Biltzearen Jaia "ekimen ederra" izaten dela adierazi du Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak. "Izan ere, herriko eragile ezberdinak elkartzen ditu antolakuntzak: txistulariak, dantzariak, elkarteak…". Bide batez, eskerrak eman dizkie bereziki Zurekin Ostalaritza Elkarteko kideei txakolinaren inguruan prestatu duten eskaintza bereziagatik. Baita Hotz Zarautz elkarteko kideei ere, egunean bertan boluntario lanetan ariko direlako, "denok gozatu dezagun". 

3,25 milioi kilo mahats

Aurten osasun egoera oso oneko 3.250.000 kilo mahats biltzea espero dutela aditzera eman du Getariako Txakolina jatorri izeneko idazkari nagusi Ruth Mozok. Hain justu, 3.100.000 txakolin botila gutxi gorabehera. 2019ko uzta iazkoa baino %5-10 gutxiago izatea aurreikusten dela dio idazkariak: "Udaberriko klimatologiaren eraginez landarearen loraketa irregularra izan da eta ondorioz mahats-mordo ezberdinen aurrean aurkitzen gara mahats-aleen tamainari dagokionez". Irailaren erdialdean espero da mahatsa biltzen hastea. Baina litekeena da batzuek lehenagotik jasotzen hastea,  mahatsak heldutasun puntua duelako. Aurtengoa jatorri izenaren 30. uzta izango da.