Oinatz Arretxe: "Aurretik edo atzetik geratzeko bada ere, gerra emango dugu"

Aritz Mutiozabal 2019ko ira. 13a, 09:00
Oinatz Arretxe, ZAEko arraunlaria (Aritz Mutiozabal).

Eusko Label Ligara igotzeko ‘play off’ estropadak jokatuko ditu Zarautzek asteburu honetan. Oinatz Arretxe arraunlariak adierazi du beren lana egitera doazela eta, batez ere, arraunaz gozatzera.

KAE 1 liga irabazita, denboraldi oso bat egin ondoren, erantzukizun handiarekin al zoazte play off kanporaketara?
Gozatzeko asmoarekin joango gara kanporaketara. Aurtengo denboraldiko hasierako helburua ez zen liga irabaztea, baizik eta iaz egindakoa hobetzea... Hori lortu dugu, espero baino emaitza hobeagoekin, eta ea asteburu honetan ginga jartzen diogun denboraldiari lan txukuna eginez. Guk dakiguna egitera joango gara, eta gozatzera.

Gozatzera, beraz. Baina behin gorengo mailara igotzeko borrokan sartuta, helburu handiagorik izango duzue, ezta?
Igotzeko aukerak hor daude. Azkenean, bost traineruetatik bik lortuko dute txartela, eta ez dakigu horietako bat gu izango garen ala ez. Izan ere, galiziarrak indartsu dabiltza, baita San Pedro ere. Baina norbaitek huts egiten badu, besteak adi egongo dira aukera aprobetxatzeko. Ez dakigu zer gertatuko den!

Faborito nagusiena Ares dela esan al daiteke?
Niretzat behintzat bai, eta taldean ere hala hitz egin dugu. Ikusten zen denboraldi erditik aurrera oso indartsu ibiliko zela, eta , nolabait ere, igoerako toki bat beretzat izango dela.


Bigarren plaza hori borrokatuagoa izango al da?
Hala uste dut. Tiran, San Pedro eta gu, nahiz eta Kontxako sailkatze estropadan zertxobait urrutixeago ikusten ziren. Hor beste lehia bat sortuko da, eta Deustu ez daki multzoan sartuko den ala ez. Azkenean, laurentzako plaza bat egongo da jokoan.

Tiran eta San Pedro ontziengandik segundo dezente galdu zenituzten Kontxan. Estropada hark desmotibatu egin al zaituzte play off-ari begira?
Ez, ez gaitu desmotibatu. Denboraldi hasieratik TKE ligara igotzeko helburua finkatu izan bagenu, ba orduan kezkatuko ginen. Baina gure hasierako helburuetan ez zen sartzen igotzea. Kontxan ikusi genuen nola dabiltzan besteak, ohartu ginen koska bat gorago daudela, eta play off-ean ikusiko dugu zer gertatzen den.

Aurten sekulako ezustea eman duzue ligan...
Zalantzarik gabe, ezustea izan da. Taldean ez genuen espero inolaz ere. Goiko postuetan ibiltzeko aukera genuela pentsatzen genuen, denboraldi-aurrean nola aritu ginen kontuan izanda. Hala ere, ez nuen pentsatuko horren ondo ibiliko ginenik.

Eta bigarren ezuste bat eman dezake asteburu honetan? Hau da, beste traineruak Zarautzekin konfiatuegi joatea eta zuek berriro ere hortzak erakustea?
Ea hori gertatzen den! Ea konfiatuta joaten diren eta hortzak erakusten dizkiegun! Taldea ligan erakutsi duen indar hori ateratzeko gai da asteburuko jardunaldi hauetan. Aurretik eta atzetik geratzeko izango den, hori ez dakigu, baina gerra emango dugu.

Nolako giroa duzue taldean?
Kristoren giro ona dugu taldean, sekulako ilusioarekin. Jada badakigu denboraldia bukatuta dagoela ligari begira, eta, alde horretatik, pisu txiki bat kenduta bezala sentitzen gara. Edonola ere, ilusio handia dugu astebururako, eta oso motibatuta gaude. Benetan pozgarria izango litzateke igotzea edo behintzat  igotzeko borroka horretan aritzea. Ilusio handia sortuko lioke bai taldeari, bai herriari. Izan ere, urte ugari pasatu dira Zarautz TKE ligatik jaitsi zenetik.

Herrian ere kutsatu da ilusioa.
Azkenean, batzuk animatu dira  estropadetara eta ongietorrietara.  Agian, tabernara kafe bat hartzera joan eta jendea hurbiltzen zaizu zer moduz ari garen entrenatzen galdetzera eta abar. Zaletuak interesarekin jarraitzen ari direla antzematen da.

Autobusak ere antolatu dituzue play offetarako, zaletuak zuek animatzera joateko.
Babes hori edukitzea egundokoa da guretzat. Azken finean, motibazioa gehitzen digun faktore bat da zaletuek ematen diguten bultzada.
Urte gutxiren buruan, KAE 2 ligatik KAE 1 ligako garaile izatera iritsi zarete. Pausoz pauso eta urtez urte, garapen ona egin duzuen seinale, ezta?
Seinale ona da hori! Harrobitik arraunlari gazteak ongi trebatuta iritsi dira, eta pixkanaka ilusioa elkarri kutsatzen joan gara. Urtetik urtera, gainera, koska bat gora egiten genuela antzematen genuen. Agian, azkeneko urte honetan eman dugun jauzia nabarmenagoa izan da. Oro har, alderdi guztiek egin dute bat.


Oso talde gaztea duzue. Harrobiari garrantzia emanez?
Asmoa hori da. Zarautz Arraun Elkartea klub umil bat da, eta harrobiko lanarekin aurrera egitea da bertako pentsaera. Gazteei ahalik eta ondoen irakatsi eta haiek ahalik eta gehien barneratzea klubean. Bat gehiago, nahiz eta oraindik txikiak izan. 

Larubatean Bermeon eta igandean Portugaleten. Zer moduzko estropada guneak dira Enbatarentzat?
Oroitzapen politak ditut Bermeon, KAE 2 ligan bandera irabazi genuelako. Baina ziur eremu nahasia izango dugula, olatuak zeharka jotzen duelako. Gustukoa dut, itsasoa delako. Portugaletekoa ibaian izaten denez, indar kontuko estropada izango da, eta niretzat ez da horren gustukoa.

Eta apustu bat egin beharko bazenu, Zarautz zein postutan kokatuko zenuke?
Ez nuke lehenengo bietan sartuko. Ares eta Tiran kokatuko nituzke lehen bi postuetan.

Zarautzek nahiko opari badu play offetan sailkatze hutsarekin, beraz?
Aurten, behintzat, bai. Ikusiko dugu zer gertatuko den asteburuan, baina pentsatzen dut Galiziako bi ordezkariak ibiliko direla aurretik. Guri aurten momentuaz gozatzea tokatzen zaigu, presiorik gabe.