Udaberrian hasi zen sailkapen fasea, eta galbahea gainditzea lortu zutenek bihar hasiko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, dagoeneko sailkatuta zeuden zenbaitekin batera. Larunbat honetako final- zortzirenetik finaleko egunera arte, hamasei saio izango dira udazken osoan zehar, eta bertan kantatuko duten 48 bertsolarietatik hamahiru izango dira Urola Kostakoak. Horietatik 11k final-zortzirenetan abestuko dute, eta Jon Maia zumaiarrak zuzenean abestuko du final-laurdenean, 2015eko Gipuzkoako txapelketan finalean izan zelako. Saioetako batzuk eskualdeko aretoetan izango dira; final-zortziren bat Zumaian (irailak 22), eta final-laurden bana izango dira Azkoitian (azaroak 2) eta Azpeitian (urriak 27).
Txapelketa Nagusiarekin batera, Gipuzkoakoa da lau urtean behin egiten den bakarra. Gainontzeko lurraldeetakoek maiztasun desberdina izaten dute. Txapelketari buruzko informazio guztia sarean dago ikusgai, www.bertsozale.eus-en sortu duten azpi-webgune berezian: parte hartzaileen fitxak, sintonia, bertsolariek egin beharko dituzten lanak...
Saio guztietarako sarrerak eta bonoak ere salgai daude Interneten, www.bertsosarrerak.eus atarian. Bertsozale Elkarteko bazkide direnek sarrerak merkeago erosteko aukera dute, eta txapelketa guztirako (finalerako izan ezik) balioko duen bonoa ere eskuragai dute. 6 eta 16 urte arteko gazteek ere beherapenak izango dituzte.
Felix Zubia zarauztarra izango da aurtengo txapelketan oholtza zapalduko duen eskualdeko lehen bertsolaria, bihar bertan, Oñatin. Hurrengo egunean abestuko dute Iñigo Mantzizidor Mantxi zarauztarrak eta Oier Etxeberria azpeitiarrak Amasa-Villabonan, eta hurrengo larunbateko Ordiziko saioan, sei bertsolaritik hiru izango dira eskualdekoak: Aitor Urbieta, Ainhoa Agirreazaldegi eta Beñat Lizaso. Zumaiako final-zortzirenean, berriz, Beñat Jauregi zarauztarra ariko da. Irailaren 29an Elgoibarren izango da saioa, eta Iñaki Gurrutxaga oriotarra eta Jokin Uranga azpeitiarrak kantatuko dute bertan. Urriko lehen larunbatean ere, Lasarte-Oriako final-zortzirenean, erdiak izango dira Urola Kostakoak: Aitor Salegi, Oier Aizpurua eta Unai Izagirre, hain zuzen. Azkenik, Eibarren kantatuko du Jon Maiak urriaren 26an, oraingoz, bera soilik sailkatuta dagoen final-laurdenean.
Asteburuko saioak
Bihar, larunbata
Oñatiko Santa Ana Antzokian, 17:00etan. Aurkezlea Iban Narbaiza izango da, eta epaimahaiko kideak Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren, Leire Beloki, Mikel Lersundi eta Mikel Urteaga. Idazkaria, berriz, Ane Errazkin. Bertsolariak: Felix Zubia Olaskoaga, Aratz Igartzabal Bidegain, Haritz Mujika Lasa, Andoni Mujika Izagirre, Amaia Iturriotz Etxaniz eta Maider Arregi Markuleta.
Etzi, igandea
Amasa-Villabonako Gurea antzokian izango da, 17:00etan. Aurkezlea, Eresti Oiarbide izango da eta epaimahaiko kideak Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren, Leire Beloki, Mikel Lersundi eta Mikel Urteaga. Idazkaria, berriz, Gorka Segurola. Bertsolariak: Beñat Iguaran Amondarain, Oier Etxeberria Zubimendi, Iban Urdangarin Lardizabal, Iñigo Mantzizidor Larrañaga Mantxi, Odei Lopez Larrauri eta Maialen Akizu Bidegain.
Unai Izagirre (Azkoitia): "Gipuzkoako Txapelketa erakusleiho oso ona da niretzat"
"Duela lau urte hasi nintzen bertso eskolan eta hau da nire lehen txapelketa. Gaur egungo ohiko moldeei begiratuta, nahiko berandu hasi nintzen bertsotan. Nire adinekoen artean molde tipikoena da umetatik hastea, eskolarteko txapelketatik pasatzea, horietan nabarmentzen bazara gazteentzako sariketetan hastea, eta gero Gipuzkoako Txapelketara jauzi egitea. Gipuzkoako Txapelketa da hautu propioz izena eman dezakezun txapelketa bakarra, sariketetan parte hartzeko deitu egin behar izaten baitizute. Beraz, niretzat Gipuzkoako Txapelketa erakusleiho oso ona da".
Oier Etxeberria (Azpeitia): "Barregarri ez gelditzea eta beste bertsolarien mailan aritzea nahi dut"
"Duela lau urte ere parte hartu nuen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean, baina ez nintzen txapelketara sailkatu. Aurten, lortu dut aurrera egitea, eta Amasa-Villabonan abestuko dut, igandean; saio polita atera daitekeela uste dut. Lehen-lehenik, barregarri ez gelditzea eta gainerako bertsolarien mailan aritzea nahi dut. Hortik aurrera, neure buruarekin gustura gelditzeko moduko saioa egindako edo ariketaren batekin asmatutako sentipenarekin geldituz gero, listo. Egia esan, ez dut hurrengo fasera sailkatzeko aukerarik ikusten, ez baitute bertsolari askok lortzen".
Beñat Lizaso (Azpeitia): "Txapelketa honetan nire helburua gozatzea da"
"Lasai nago. Hasieran ez nuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko asmorik, orain dela bi urte Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan parte hartu nuen, eta orduan egin beharrekoak egin nituela sentitu nuen. Izen-emate epea gerturatzen zihoan heinean, ordea, ezin izan nion izena emateko tentazioari eutsi. Final laurdenetara sailkatzeko aukerak ditut, eta baita esperantza ere. Gutxienez, lehen fasea pasatzea gustatuko litzaidake; kalera joaten banaiz, besteak ni baino hobeak direlako izan dadila, ez nik huts egin dudalako. Txapelketa honetan nire helburua gozatzea da".
Jokin Uranga (Azpeitia): "Txapelketari begira, gozatzea da nire buruari jarri diodan erronka"
"Txapelketari begira, erronka bakarra jarri diot neure buruari: gozatzea. Badakit Gipuzkoako Txapelketak zenbat eman dakidakeen; hau da, txapelketa batek ematen duen ezer ez dut bilatzen gaur egun. Nire helburuak dira lagun taldeaz gozatzea, ahalik eta saio onena egitea, eta behin zurrunbilo horretan sartzea lortzen badut eta eroso sentitzen banaiz, orduan jarriko dizkiot erronkak nire buruari. Sailkapen fasean ikusi dut gazteak indartsu datozela, eta izugarrizko poza ematen dit horrek. Pil-pilean dauden gaiei buruz kantatzea gustatzen zait, egunerokotasunean bizi ditudan gauzez, onez nahiz txarrez".
Iñaki Gurrutxaga (Orio): "Polita izango da belaunaldi desberdinak oholtzan ikustea"
"Zer eman eta esan dezakegu guk garai honetan? Aurtengo txapelketarako motorrak berotzen hastean, galdera horiek izan nituen ipar. Bolada bat egin dut txapelketetan parte hartu gabe, eta arnasa hartzeko balio izan dit; sentitzen nuen inertziek bultzatuta aritu naizela azken urteetan. Orain, indarrak hartuta, oso animatuta eta gogoz nago; zerbait eskaintzeko gogoz. Aurreko txapelketan lehen hamazazpi sailkatuen artean izan nintzenez, oraingoan zuzenean sartu naiz final zortzirenetan, eta orain murgilduko naiz lehian. Belaunaldi desberdinak oholtza gainean ikustea polita izango dela uste dut".
Ainhoa Agirreazaldegi (Zarautz): "Txapelketak lana eginarazten dit, eta badut adierazteko gogo hori"
"Urduritasun aldetik bizi samar nabil. Alde batetik, hasteko gogoz nago, bertsotan martxa apur bat hartu nahi dudalako. Ez dakit aurrera egiteko aukerarik izango dudan edo ez, baina beti uda ostean bat batean harrapatzen gaitu txapelketak, nahi baino konstantzia gutxiagorekin, nire kasuan behintzat. Gogoa dut berriro martxan jartzeko. Ez naiz gogoratu ere egiten zenbatgarren txapelketa den hau niretzat, hainbesteren ostean kontua galduta dut, baina zazpi urte inguru daramazkit parte hartu gabe. Txapelketak lana eginarazten dit, eta adierazteko eta kantatzeko gogoa daukat".
Aitor Urbieta (Zarautz): "Ahal den maila onena eman nahiko nuke behin honaino iritsita"
"Laugarren txapelketa dut hau. Datorren asteburuan kantatu behar dut, baina uda bukaera delako-edo oraindik ez nago oso urduri. Maiatzean, kantatzeko bi aste falta zirenean, urduriago nengoen. Asteburuan Felix [Zubia] eta Mantxi [Iñigo Mantzizidor] animatzera joango naiz eta uste dut hortik aurrera hasiko dela benetako tentsioa. Erronka gisa ez dut fase zehatzik ezarri, baina behin honaino iritsita ahalik eta maila onena eman nahiko nuke. Bertso eskolako
lagunekin aritu naiz entrenatzen astean pare bat aldiz, bat-batean egin eta elkarri zuzentzen diogu. Ez daukagu beste sekreturik".
Oier Aizpurua (Zarautz): "Herdoilduta baina aldi berean ideia berriekin nagoela uste dut"
"Duela zortzi urte lortu nuen sailkapen fasetik igarotzea, eta aurtengo txapelketarako arraro samar nago. Duela urtebete itzuli nintzen Zarautzera kanpoan lan egitetik, eta ohitura zaharrak berreskuratu nahi horretan eutsi nion berriro bertso eskolari. Zentzu askotan herdoilduta nagoela uste dut, baina aldi berean perspektiba eta ideia berriak ere baditut. Egoerak egoera, gogotsu nago datorrenari aurre egiteko eta saio txukun bat egin nahiko nuke. Behin eskatzen hasita, hurrengo fasera igarotzea ere ez legoke gaizki. Dena den, urduritasun handirik ez dut oraindik, eta hori ez zait seinale oso ona iruditzen".
Felix Zubia (Zarautz): "Bideaz ez banu gozatuko, ez nuke parte hartuko txapelketan"
"Udaberrian hasi nintzen entrenatzen Julenekin [Zulaika] eta Mantxirekin [Iñigo Mantzizidor]. Maiatzeko galbahea oso gogorra izan zela uste dut, eta hemen kantatze hutsak baduela nahiko meritu. Beraz, aurkari gogorrak espero ditut lehen txandatik.Txapelketetan dudan esperientziak konfiantza puntua ematen dit, baina bertsolari gazteek gero eta hobeto egiten dute bertsotan. Txapelketak ematen dizu zure buruari erronkak jartzeko aukera, eta prestaketan asko gozatzen dut. Hala ez balitz, ez nuke parte hartuko, dena egun batean jokatzeak ez duelako zentzurik".
Iñigo Mantzizidor Mantxi (Zarautz): "Nire markak haustea izan ohi dut erronka txapelketa denetan"
"Igandeko final zortzirenean abestuko dut, eta eguna iritsi ahala ari naiz urduritzen. Sailkapen fasea jokatu genuenetik denbora dezente igaro da, tartean uda, eta ez gara nahi beste aritu, txapelketari ilusio handiz heldu diogun arren. Ikusten dut alde batetik esperientzia nire alde dagoela, 1995etik bainabil txapelketetan, eta nire adin ingurukook badakigu Gipuzkoako Txapelketa batek nolako karga daukan. Bestalde, ordea, gazteek beste freskotasun bat dute eta guk adina eta gehiago egin dezakete lasai asko. Azkenean, arratsalde batean jokatzen dugu guztia".
Beñat Jauregi (Zarautz): "Presiorik gabe kantatu nahi dut eta nire buruarekin gustura geratu"
"Bigarren txapelketa dut aurtengo hau. Justu-justu, baina lortu dut urriko fasera igarotzea. Duela lau urte egin nuen txapelketatik hobetzeko asko nuen, orduan bat-batean kantatzen hasiberria bainintzen. Harrezkero entrenatzen jarraitu dugu, eta honaino iritsi gara. Ez diot erronkarik jarri nire buruari datorren saiorako, oraingoz. Nahikoa egin dut fase honetara pasatuta eta oso gustura nago horrekin. Orain, presiorik gabe kantatu nahi dut eta nire buruarekin gustura sentitu. Ez nago oso urduri oraindik, baina data gerturatzen joan ahala haziko da tentsioa".
Aitor Salegi (Zestoa): "Erraza ez da izango aurrera egitea, baina bertsotan ondo egiteko ilusioz nago"
"Duela lau urte ere parte hartu nuen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean, baina ez nuen lortu txapelketa nagusirako txartela. Urte hartan nahiko sentipen kaskarrarekin gelditu nintzen, eta aurten, egindako lanarekin gustura gelditzea nahi nuen. Aurreneko saioarekin dezente konforme gelditu nintzen, eta orain bigarren faseari aurre egitea tokatzen da. Erraza ez da izango aurrera egitea, baina bertsotan ondo egiteko ilusioz eta gogoz nago. Badakigu txapelketa guretzat pasoko zerbait dela, beste maila bateko bertsolariak dabiltzalako, baina ilusioz nago, kezkatuta baino gehiago".
Jon Maia (Zumaia): "Txapelketa honetan plazetako Jon Maia izatea nahi dut"
"Zalantzak izan nituen txapelketa honetan parte hartu edo ez, baina ibilbide luze honi –47 urte ditut eta 35 urte noa txapelketetan– modu antolatu batean eman nahi diot amaiera. Bestela, Euskal Herrikoa izango zen azkena. Ahal dudan hobekien pasatzera noa; ez dut sufritzeko gogorik, eta inolako beldurrik gabe noa. Ez dut porrotaren beldurrik, eta presioa zero dut. Prestaketa berezirik egin dudan? Euskal Herriko txapelketara erabat neurritik aterata joan nintzen; Gipuzkoakora inongo helbururik gabe noa, fresko nahi dut joan, plazetako Jon Maia izatea nahi dut".