Ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko tailer berriak, irailetik abendura

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 13a, 14:00

Parte hartzeko interesa dutenek irailaren 20a baino lehen eman beharko dute izena 'prebentzioa@zarautz.eus' helbidean.

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio Sailak ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko tailer berriak antolatu ditu urteko hirugarren hiruhilekorako. Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotzi arduradunaren ustez, tailer hauen bidez hainbat ezagutza, gaitasun eta baliabide eskura daitezke ongizaterako eta egoera emozionala hobetzeko.

Hiru tailer berri eskainiko dira irailetik abendura bitartean. Lehena, Emoioen ezagupena eta kudeaketaren ingurukoa izango da, hezkuntza komunitatean lan egiten duen pertsona orori zuzendua. Autoezagutza emozionala, auto-kudeaketa emozionala eta besteen emozioen ezagutza landuko dituzte.  Irakaslea Donna Apellaniz izango da, eta Zuberoa kaleko 22. zenbakian eskainiko da irailaren 24, urriaren 1, 15, 22, 29, azaroaren 12, 19, 26, abenduaren 10 eta 17an, 18:00etatik 20:00etara. Matrikularen prezioa 15 eurokoa izango da, eta taldea osatzeko gutxienez hamar pertsonak eman beharko dute izena.

Bigarren tailerra haurdun dauden emakumeei eskainia izango da. Ikastaroa sei saiotan banatuko da: haurdunaldia, erditzea, erdi-mina, umearen jaiotza, erditze-plana eta erdiondoa. Saio guztietan erditzera begira, arlo psikologikoa eta gorputza landuko dituzte. Estitxu Fernandez Maritxalarrek eskainiko du tailerra, euskaraz, Zuberoa kaleko 22. zenbakian dagoen ikastaro gelan. Saioak urriaren 9, 23, azaroaren 6, 20, abenduaren 4 eta 18an izango dira, 15:00etatik 18:00etara. Kasu honetan ere matrikula 15 eurokoa izango da eta taldea osatzeko gutxienez zortzi pertsonak eman beharko dute izena

Hirugarren tailerra 0-1 urte bitarteko umeen gurasoei eskainia izango da. Haurren garapenari buruzko informazioa eskainiko da, eta egunerokoan haurrekin sortzen diren egoerak landuko dituzte. Julene Armendariz Ezeizak emango du ikastaroa euskaraz, urriaren 9, 23, azaroaren 6, 20, abenduaren 4 eta 18an, 18:00etatik 20:00etara. Beste ikastaroak emango diren leku berean izango da eta honetan ere, 15 euroko kostua izango du matrikulatzeak. Gutxienez zortzi pertsonako taldea izango da, eta gehienez hamarrekoa.

Azaldutako hiru ikastaroetako batean parte hartzeko interesa dutenek irailaren 20a baino lehen eman beharko dute izena prebentzioa@zarautz.eus helbide elektronikora mezu bat idatziz. Plazak mugatuak direnez, jende gehiegik izena emanez gero zozketa egingo dute, eta Zarautzen bizi direnek izango dute lehentasuna. Informazio gehiago eskuratzeko deitu 943-00 51 27 telefono zenbakira.

Hitzaldiak

Zarauzko Osasun Zentroarekin elkarlanean, datozen hilabeteetatako hitzaldi sorta antolatu du udalak, guztiak, Gurutze Gorriko lokalean. Irailaren 24an iktusaren inguruko hitzaldia izango da. Zer den, nola diagnostikatu eta, ondoren, zer egin daitekeen landuko dute. Elixabete Isasa medikua eta Errose Ibarra erizaina ariko dira hizlari bertan.

Urriaren 15ean sukarra, katarroa, gripea, eztula... halakoak izango dituzte hizpide, eta azaldu dutenez, "norberak bere burua zaintzen ikasteko" balioko du. Henar Lobo erizaina ariko da hizlari. Azken hitzaldia azaroaren 26an izango da. Bertan, antikoagulatuta bizitzeari buruz ariko dira, eta oinarrizko ezagutzak eta gomendioak emango dituzte Mikel Trassorras medikuak eta Sandra Agirrezabalaga erizainak.

Hitzaldi guztiak 18:00etan hasiko dira eta bertaratzeko aurrez eman beharko da izena anbulatorioan edo 943-00 79 99 telefono zenbakira deituta.