Batukada Feminista eta Arte Terapia, Jabetze Eskolako ikastaro berriak

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 13a, 15:30
Batukada Feminista Martxoaren 8an.

Bi ikastaroak urrian hasiko dira eta izena emakume orok eman dezake irailaren 16tik 30era.

Udaleko Parekidetasun sailak Emakumeen JabetzeE Eskolakobi ikastaro berri antolatu ditu: bata, Batukada Feminista, euskaraz, eta bestea, Arte Terapia, elebitan. Datorren astelehenean, irailaren 16an, zabalduko dute horietan izena emateko epea, eta urritik aurrera hasiko dira eskaintzen. Gainerako ikastaroak urtarriletik aurrera izango dira.

Margi Egiguren Alvarezek gidatuko du Arte Terapia, eta artea euskarri emozional bezala ulertzea, sormena, adierazmena eta jolasa lantzea, norberarenganako konfiantza sendotzea eta emozioak artearen bidez kudeatzea du helburu. Urriaren 8tik martxoaren 31 bitartean iraungo du, eta ez da beharrezkoa aurretiazko ezagutzarik izatea. Ikastaroa Etxezabalan (Kale Nagusia 29) eskainiko dute asteartetan, 18:00etatik 20:00etara, eta matrikularen prezioa 30 eurokoa izango da.

Batukada Feministarekin emakumeen arteko harremanak sendotzeaz eta emakumeak ahalduntzeaz gain, gizartean emakumeen presentzia ikusarazi nahi da, musikaz gozatuz. Ikastaroa urriaren 10etik ekainaren 11 bitartean antolatu dute, eta Ainara Sarasketa izango da irakaslea. Abendañon izango da (Urdaneta bidea, 13. pabiloia), ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara. Ikastaro honen matrikulak ere 30 euro balio du.

Emakume orok eman dezake izena irailaren 16tik 30era berdintasuna@zarautz.eus helbidera mezu bat bidaliz, 943 00 51 17 telefonora deituz edo Etxezabalako (Zigordia kalea 33) bulegoetan galdetuz. Informazio guztia eskuragarri izango dago Parekidetasun sailaren webgunean.