Bigarren egin du Enbatak lehen 'play off'-ean

Enbata Kontxako sailkatze estropadan. (Intza Unanue Arruabarrena)

Estropada estua jokatu dute gaur Bermeon, Eusko Label ligarako postuen lehian. Ares izan da nagusi, eta gaurko bigarren postuarekin, igoeratik gero eta gertuago dago Enbata.

Estropada itzela egin du gaur Enbatak Bermeoko uretan. Erlojupeko proban, bigarren postua eskuratu dute 20:23,26ko denborarekin. Aresko galiziarrak izan dira nagusi (20:20,44), eta Deustu izan da hirugarren (20:27,16). Hurrengo denbora onena San Pedrok markatu du (20:30,92), eta bostgarren postua Tiranentzat izan da (20:31,62).

Bihar erabakiko da bost traineruetatik Eusko Label ligara igoko diren biak zeintzuk izango diren, Portugaleten. Gaurkoa izan da bi 'play off'-etan lehena, eta Zarauzko traineruak erakutsi du bi postu horien artean egoteko aukera handiak dituela. Lehen ziabogan ezbeharra izan du Enbatak, izan ere, aurrekalaria erori eta ezin izan du ziaboga behar bezala hartu. Lehen luzearen amaieran gertatuagatik segundo batzuk galdu badituzte ere, burua hotz mantentzen jakin dute arraunlariek, eta borobil egin dituzte beren lanak hurrengo hiru luzeetan. 

Bihar 11:30ean hasiko dira estropadak Portugaleten, ibai zabalean. Lehenengo emakumezkoen 'play off'-a jokatuko dute, eta atzetik aterako dira Eusko Labelerako lehian dauden bost traineruak.

Erlazionatuak

Kolore udina nagusi Bermeon

Zarautz

Gaur arratsaldean jokatuko du lehen 'play off'-a Enbatak. Arraun Elkarteak Bermeoko estropadara joateko autobusa jarri du doan, eta dozenaka zale j...