Usoa Ostolaza txapeldun Zumaiako Triatloian

Nagusitasunez aritu zen atzokoan, eta oso pozik agertu zen azkenean Zumaian garaipena lortu ahal izan zuelako.

Sasoi betean dagoela erakutsi zuen atzo Zumaian Usoa Ostolaza triatleta zarauztarrak. Denboraldi bikaina ari da osatzen eta boladari eutsi zion esprint distantziako Zumaiako Triatloian. Emakumeen proba nagusitasun handiz irabazi zuen, bizikletako proban zuloa egin eta korrikako saioan ere maila goreneko triatleta dela erakutsiz. Edonork ez du lortzen brontzezko domina Ironman erdiko Munduko Txapelketan. Maddi Marquetek eta Mireia Arrillagak osatu zuten podiuma.

Joan den astean Nizako Munduko Txapelketan egindako ahaleginaz garaiz osatuko ote zen kezka zuen Ostolazak helmugan aitortu zuenez, baina ondo ikusi zuen bere burua: “Aste honetan nekea igarri dut, normala denez, baina gaur [atzo] indartsu ikusi dut nire burua eta oso pozik nago Zumaian lortutako garaipenarekin”.

Pello Osorok lortu zuen garaipena gizonezkoen esprint distantzian, eta triatloi herrikoian, berriz, Angel Hilario eta Laura Zabalza izan ziren lehenak.

SAILKAPENA: Zumaiako Esprint Triatloia 2019