Zarautzek TKE ligara itzultzea lortu du

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 15a, 13:27
Enbatari harrera Portugaleten, igoera lortu berritan (ZAE).

Erakustaldi bikaina eman dute zarauztarrek gaurkoan Portugaleten, eta estropada irabazi dute, Ares faboritoa gaindituz. Harrera 20:00etan egingo diote taldeari, Musika Plazan.

Hamar urte geroago, gorengo mailara itzuliko da Enbata trainerua. Atzo Bermeon lortutako bigarren postu onari ginga jarri diote gaur Gari Urangaren mutilek Portugaleten. Sekulako erakustaldia eman dute, erlojupeko estropadan, faborito nagusia zen Ares mendean hartuz eta nagusitasun handiarekin garaipena lortuz.

Aurtengo denboraldia balentriaz beteriko urtea da Zarautzentzat: aurrenik KAE 1 liga irabazi, eta asteburuan, arraunketa dotorea eginez, TKE ligarako txartela ongi merezita lortu. Berekin batera Galiziako Ares taldea lehiatuko da datorren urtean Eusko Label Ligan.

Harrera 20:00etan egingo diote taldeari, Musika Plazan.

PLAY OFF -EKO 2. JARDUNALDIA
1. Zarautz: 19:48.58
2. Ares: 19:51.04
3. Deustu-Bilbao: 20:05.56
4. Tirán: 20:01.26
5. San Pedro: 20:07.68

PLAY OFF -EKO SAILKAPEN OROKORRA
1. Ares: 9 puntu (40:11.48)
2. Zarautz: 9 puntos (40:11.84)
3. Deustu-Bilbao: 5 puntu (40:32.72)
4. Tirán: 4 puntu (40:32.88)
5. San Pedro: 3 puntu (40:38.60)