Akordioa adostuta, espetxea saihestuko du Ainhoa Bagliettok

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 16a, 12:15

Gaur hasi da 11/13 sumarioko 47 auzipetuen kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetuek beren kontrako akusazioak onartu dituzte, eta akordioa erdietsi dute fiskalarekin. Urtebete eta sei hilabeteko eta bi urtera arteko zigorra ezarri diete 45 auzipeturi –tartean da Baglietto–, eta, horrenbestez, ez dute espetxera joan beharko. Enparantza eta Zulueta, aldiz, hilabete batzuetarako sartuko dituzte giltzapera.

Ainhoa Baglietto ez da espetxera joango. Gaur, astelehena, 10:00etan hasi da 11/13 sumarioko 47 auzipetuen kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta minutu gutxiren buruan amaitu da, akusazioak onartuta eta akordioa erdietsita. Auzipetuek beren kontra egindako akusazioak onartu dituzte. Akusazioak onartu ostean, aldeek esan dute ez dagoela frogarik egin beharrik. Beraz, ondorioetara pasatu dira zuzenean. Ondorioetan zigor eskaera berriak zehaztu ditu fiskalak, eta amaitutzat eman dute gaurko saioa eta epaiketa. Eskaera horietan, erakunde terroristako kide izatea egotzi diete bi akusaturi, Arantza Zuluetari eta Jon Enparantzari, eta beste 45i, berriz, parte hartze aktiboa. Modu horretan, 45 auzipeturi urtebete eta sei hilabeteko eta bi urtera arteko zigorra ezarri diete. Horrenbestez, espetxea saihestuko dute 45 auzipetuk, Baglietto tartean. Kartzelan sartuko ez dituzten arren, hiru urterako inhabilitazio absolutua jasoko dute epaituek, eta haietako hamaseiri egunerokoan eragingo die horrek, arlo publikoan egiten dutelako lan. Hiruk, gainera, betirako galduko dute lanpostu publikoetarako lortutako plaza.

Zulueta eta Enparantza, aldiz, espetxera joango dira. Zuluetari hiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote, eta Enparantzari bi urte eta zazpi hilabetekoa. Hala ere, aurrez behin-behinean egindako espetxealdia kontuan hartuta, bost hilabete egingo dituzte preso. 

Behin epaiketa amaituta, Auzitegi Nazionalaren kanpoaldean hitz egin du Amaia Izko abokatuak. Bere esanetan, helburua denek kartzela saihestea zen. "Askotan salatu dugu epaiketa honetara baldintzatuta gatozela, Auzitegi Nazionala ez baita ohiko epaitegi bat, eta horrek ahalbidetu baitu gure aurkako zigor eskaerak izugarriak izatea. Horrek pentsarazi digu agian zigor horiek egia bilakatu zitezkeela, eta bultzatu gaitu akordioa onartzera, nahiz eta gure hasierako helburua denok aske irtetea izan. Erabaki kolektiboa izan da".

2013. urtean Herrira-ren kontra egindako operazioan du jatorria 11/13 sumarioko 47 auzipetuen kontrako epaiketak. 

Erlazionatuak

"Trapu zikinak ateratzea ordainarazi nahi digute"

Dorleta Agiriano Lai / Onintza Lete Arrieta 2019 ira 12 Zarautz