Dandak '0. Asanblada' antolatu du datorren larunbaterako

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 16a, 13:30
Aurtengo Gazte Eguneko irudi bat.

Datorren ikasturtearen abiapuntua izango da larunbat honetako 'O. Asanblada'. Hala, "ikasturtea prestatzen hastea" da asmoa, baita "belaunaldi ezberdinetako gazteek elkar ezagutzea eta harremanak sendotzea" ere. "Ikasturte honetan, Dan-Dana nahi dugu", azaldu dute gazte asanbladako kideek.

2017-2018 ikasturtean gazte eragile berria sortu zuten Zarautzen: Danda gazte asanblada. Ordutik hona, hamaika izan dira Dandak martxan jarritako proiektu, egitasmo eta borrokak. Esaterako, azken ikasturtean Isla fanzinea sortu dute; Neguetxeren itxieraren aurkako borrokari heldu diote; Gazte Eguna zein Elkartasun Eguna antolatu dituzte; Gerizarekin batera Toldotik at! Elkartasun Udara prestatu dute; edota aurreko ikasturtean bezala, egitarau zabalak antolatu dituzte sanpelaioetarako zein Euskal Asterako.

Ikasturte berriari begira jarri dira orain; hala, datorren larunbaterako, hilak 21, 0. Asanblada antolatu dute. 10:30ean jarri dute hitzordua, Putzuzulo gaztetxean, eta asmoa da bertaratzen direnen artean datorren ikasturtea prestatzen hastea. "Belaunaldi ezberdinetako gazteok elkar ezagutzeko, harremanak sendotzeko eta ikasturtea prestatzen hasteko elkartuko gara", azaldu dute. Horretarako, goizean biltzea eta bertan elkarrekin bazkaltzea da asmoa.

"Egunerokoan antzeman ditzakegu gazteon etorkizun ezegonkorraren zantzak. Ez gaitzala geldirik harrapatu eta egin diezaiogun aurre elkarrekin", adierazi dute Dandakoek. "Ikasturte honetan, Dan-Dana nahi dugu".