Nerabeak, alkohola eta jaiak landuko dituen hitzaldi zikloa antolatu du udalak

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 17a, 09:00

Hiru hitzaldi eskainiko dituzte guztira, Aritzbatalde kiroldegiko hitzaldi aretoan.

Nerabeen guraso edo tutoreei zuzendutako hitzaldi zikloa antolatu du Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio Sailak, alkoholaren eta jaien inguruan. Guztira hiru hitzaldi eskainiko dituzte.

Lehenengoan Felix Zubia eta Osasun Zentroko beste hainbat kide ariko dira hizlari lanetan, irailaren 19an. Alkoholak adingabeen osasunean duen eragina landuko dute. Bigarren hitzaldian AGIPAD elkarteko Amaia Barcenilla eta Pakita Mateos psikologoa ariko dira hizlari, irailaren 26an. Zerk kezkatu behar gaitu? galderari erantzunak bilatzen ahaleginduko dira beraien saioan. Azkenik, urriaren 3an, komunikazioaren garrantziaz ariko dira AGIPAD elkartekoak. Nerabeen aisialdiaz, mugez eta arauez.

Saio guztiak Aritzbatalde kiroldegiko hitzaldi aretoan izango dira, elebitan, 18:30ean hasita. Sarrera librea izango da.