Greziar doinua du akordeoiak

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 17a, 17:15
Garazi Navas eta Maria Zubimendi akordeoi jotzaileak. (Hauspoz)

Lina Tonia eta Michalis Lapidakis konpositore greziarrek irabazi dituzte Francisco Escudero Sariketako lehen eta bigarren sariak, hurrenez hurren.

Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak aurten ez du Akordeoi Asterik egin herrian, baina aurrera jarraitu du Francisco Escudero Nazioarteko Konposizio Sariketarekin. Hain justu ere, hamabigarrenez antolatu du, eta larunbat iluntzean egin zuten sari banaketa ekitaldia Modelo aretoan. Aurten greziar zapore nabarmena hartu du lehiaketak. Izan ere, Lina Toniak irabazi du lehen saria, eta Michalis Lapidakisek, berriz, bigarrena; biak greziarrak. Inoiz baino gehiago, akordeoiak greziar doinua hartu du.

Kultura zinegotzi Irune Urbieta arduratu zen epaimahaiak ebatzitako lehen sarituaren izena iragartzeaz. Toniaren lanak The sea of rains izena du, eta akordeoi, piano, biolin eta biolontxelorako pieza bat da. Horri esker, 1.500 euro jasoko ditu. Escudero Maisuaren seme Francisco Mari Escuderok, bere aldetik, Lapidakis zela bigarren sariduna azaldu zuen: 500 euro jasoko ditu, Murmurs of an invisible island konposizioagatik.

Bestalde, aipamen berezi bat ere eman zuten aurten: Antonio Macaretti italiarrari egokitu zioten, Omne vivum ex ovo akordeoirako lanagatik.


"Ikertzeko jarrera bikaina"


Zuriñe Fernandez Gerenabarrenak, Maria Eugenia Luc-ek eta Iñaki Alberdik osatu dute Francisco Escudero Sariketako epaimahaia, eta haien hitzetan, "hamabigarren ekitaldi honetako parte hartzaileek erakutsi dute instrumentuaren ezagutza eta musika-diskurtsoren erabilera handia dutela, agerian utziz akordeoiarekin duten ikertzeko eta sortzeko jarrera bikaina".

Ekitaldiaren barruan, iazko lehiaketako obra irabazleak estreinakoz jo zituzten: batetik, Francisco Dominguez Roblesen Hacia el vacío akordeoi eta elektronikarako obra, eta, bestetik, Manuel Hidalgo Navasen Naufragio imaginario akordeoi bikorako lana. Maria Zubimendi eta Garazi Navas akordeoiarekin eta Jon Ansorena elektronikarekin aritu ziren aipatu piezak zuzenean interpretatzen.