Alderdiaren Astea ospatuko du EAJk

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 18a, 09:30

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte aste osorako, eta Alderdi Egunarekin borobilduko dituzte ospakizunak.

Zarautz Uri Buru Batzarrak Alderdiaren Astea antolatu du aurten ere, Alderdi Egunaren harira. "Batzokiko jarduera dinamizatzea eta zarauztar guztiengana gerturatzea" da helburua, eta ekitaldi sorta antolatu dute datozen egunerako. "Urtero ekitaldi ugari antolatzen ditugu eta herritarrekin gure lana partekatzen jarraitu nahi dugu, bai haur, gazte zein helduentzako ekitaldi interesgarriak antolatuz", azaldu du Zarautz Uri Buru Batzarrak.

Aurtengo egitaraua irailaren 24an hasiko da, lau alderdikideri egingo zaien omenaldiarekin: Jose Luis Aiestaran, Bernabe Gereta, Maria Rosario Zabaleta eta Jose Luis Saizar. 19:00etan hasiko da ekitaldia, Batzokian. Irailaren 25ean Xabier Arzalluzen bizitza politioari buruzko bideo emanaldia izango da, 19:00etan Batzokian. Azkenik, irailaren 27an, Jokin Bildarratzek, senatuko EAJko ordezkariak, hitzaldi-elkarrizketa politikoa eskainiko du Batzokian, 19:00etan.

Alderdi Egunarekin borobilduko dute Alderdiaren Astea jeltzaleek. Horretarako, Forondako zelaietara joateko autobusa jarri dute. 09:00etan aterako da Batzokiaren aurretik, eta Batzokian bertan eman beharko da izena.