Sasi guztien gainetik... elkartasunagatik bildu

Aritz Mutiozabal 2019ko ira. 19a, 08:00
Gorka Silban, Ainhoa Baglietto eta Ibon Berasaluze, San Martin ermitako belardian (Aritz Mutiozabal).

Ea desbrozadorarekin nork moztu belar gehien! Bosna zarauztar eta oriotar lehiatuko dira larunbat arratsaldean Elkartasun Desafiyuan, San Martin ermitako belardian. Ekimena 11/13 auziko 47 auziperatuen alde antolatu dute.

"Harrituta gaude lehiak hartu duen oihartunarekin, eta oso pozik gaude jendea ematen ari zaigun erantzunarekin. Nahiko atipikoa da lehia hau, eta badirudi lagun dezente erakarriko duela". Elkartasun Desafiyua izeneko erronka berezia antolatu dute larunbaterako Zarautzen, 11/13 auziko 47 auziperatuen alde: ahalik eta belar gehien moztea, baina ez segarekin, baizik eta desbrozadora edo sasi-garbitzeko makinarekin. 

Gorka Silban zarauztarra eta Ibon Berasaluze oriotarra daude egitasmoaren atzean. "Biok aspaldidanik ibiltzen gara basoko lanetan. Maiatza erdialdean, Orioko taberna batean hamaiketako bat egiten ari ginela, desbrozadorarekin zer-moduz moldatzen ginen atera zen gaia. Hala, bion artean saio bat egiteko ideia bururatu zitzaigun", kontatu du Silbanek.

Sozialki, beti hainbat eragiletan ibili direla eta, pentsatu zuten saioa aprobretxatzea "zerbaiten inguruan zabaltzeko" eta, aldi berean, diru pixka bat lortzeko. "Jakinda, 47 euskal herritar izango zirela epaituak irailaren erdian, otu zitzaigun horren alde egitea ekimen hau", jarraitu du Silbanek. Bertan bildutako irabaziak hasiera batean 47ak Herrian dinamikara bideratzeko asmoa zuten. Astelehen honetan fiskalarekin akordioa lortu dute 11/13 sumarioan auzipetutako kideek: Arantza Zulueta eta Jon Enparantza salbu, gainontzeko 45 epaituak ez dituzte espetxeratuko; tartean da Ainhoa Baglietto zarauztarra. Hori kontuan izanda, ez dute erabaki erronkako irabaziekin zer egin, baina segur aski presoen kausara bideratuko dutela.


Herrien arteko lehia


Bi lagunen kontua izatetik, bi herri eta hamar lagun lehian jartzeko ekitaldi bat bihurtu da: batetik, Orio eta, bestetik, Zarautz. Silbanen hitzetan, "hasieratik argi geneukan ez genuela gu biok protagonista izan nahi, baizik eta herrien arteko lehian identifikatu nahi genuen hau guztia". Orioko boskotea honako kideek osatuko dute: Ibon Berasaluze, Aratz Madariaga, Emeterio Iribar, Larraitz Lazkano eta Leire Zinkunegi. Zarauzkoa, berriz, ondorengoek: Gorka Silban, Nerea Permach, Eneko Landa, Nagore Martinez eta Bittor Urbieta. 

Ibon Berasaluzeren iritziz, "aberatsa" da ekimen hau: "Euskal Herrian agian jende batengana iristeko ez da nahikoa lau kartel jarri eta manifestazio bat antolatzea. Orduan, honek badu amua beste zenbait jendek ikusteko ze egoera latz gertatzen diren Euskal Herrian, eta, gainera, umorea jarrita. Alde horretatik, behintzat, uste dut asmatuko dugula eta San Martingo belardia beteko dela".

Talde bakoitzak desbrozadora bat, bi eskuare, hiru sare eta ate bat izango ditu baliabide gisa egin beharreko lanak gauzatzeko; 20 minutuko bina saio egin beharko dituzte, eta belar gehien biltzen duenak irabaziko du. Saio eta saio artean, gainera, Anjelusa izango da. Barre egiten dute Silbanek eta Berasaluzek: "Ez da Anjelus kristaua izango. Ez behintzat ezagutzen dugun bezalakoa. Hor ere izango dira hainbat ezusteko, ez baita izango tradiziozko betiko lehia hori. Horrekin puskatu nahi dugu, eta umore puntua jarri". 



Erronka, segarekin izan beharrean, desbrozadorarekin izateak jada mozten du ohiturarekin. Berasaluzek berak zalantzan jartzen du hori. "Federazio inguruko jendearengana jo dugu epaile lanak egiteko, belarra pisatzeko eta materiala lortzeko, eta hasieratik laguntzeko prest agertu zaizkigu. Beraz, alde horretatik, puzzlea goitik behera osatuko dugu egunean bertan. Beraz, ez dakit tradizioarekin hautsiko dugun". Kuriosoa, behintzat, bada. Alde horretatik, Silbanek gonbidapena luzatu du: "Kartelean jarri dugun moduan, norbait segarekin etorriz gero, lekua egingo genioke gustu handiz". 

Lagun batek esan zien San Martin ermitako belardia toki aproposa izan zitekeela hitzordurako. "Ikuskatzera etorri ginenean, aurreikusi genuen eguraldi onarekin sekulako parajea zela", nabarmendu du Silbanek. Inguru horretako zelaiak Zarauzko Parrokiaren jabetzakoak dira, eta inolako arazorik ez zioten jarri ekimena garatzeko. Uztaila erdialdean txukundu egin zuten, eta orain mozteko ederki dagoela azaldu dute. 

Erronka 17:30ean hasiko den arren, eremua 16:00etan irekiko dute, eta Oreka TX-ko txalapartariak ariko dira txosna gunean; sarrerak 5 euro balioko du. Iñigo Landa eta Josu Esnal aizkolarien erakustaldiaren ondotik jokatuko dute Elkartasun Desafiyua. Ibon Gaztañazpik eta Iratxe Aranburuk egingo dituzte esatari lanak, eta Julen Zulaika eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariek eta Joseba Tapia eta Igor Alkorta trikitilariek girotuko dute lagunarteko norgehiagoka. Festa behar bezala biribiltzeko, Occhi Di Farfalla eta Moebius taldeek zuzeneko emanaldia eskainiko dute Putzuzulo gaztetxean, eta, ondoren, DJak izango dira. 


"Jendea oso hurbil"


11/13 sumarioko auzipetuetako bat izan den Ainhoa Bagliettok adierazi du "harrituta" geratu zela ekimenaren berri eman ziotenean. "Oso ohituta gaude manifestazioetara, informazio banaketara, bonu salmentara... bana horrelako gauzak harrigarriak dira. Horrelako gauzek adierazten dute beste jende bat ere oso hurbil daukagula".

Baglietoren hitzetan, "antolatzaileek adierazi didate, hau ez dela 47 auzipetuen egoeragatik bakarrik. Esaterako, hor daude Orion Patxi Uranga eta bere alaba Xuaren kasua. Bada egoera hori ere aldarrikatzeko eta diru laguntza bat biltzeko, baita espetxean preso dauden 250 lagunengatik ere. Nik uste dut babes hori sentitzen dutela, sentitzen dugula eta sentitu behar dutela guztiek".