Leiho berriak zabaltzeko

Zarauzko Adinekoen Mahaiko kideak eta Jesus Arana udaleko Gizarte Politiketako arduraduna, Adineko Astearen aurkezpenean (Aritz Mutiozabal).

60+ Adinekoen Astea ospatuko dute urriaren 7tik 13ra Zarautzen. «Inoiz baino irekiagoa, zabalagoa, anitzagoa eta parte hartzaileagoa» antolatu dute aurten.

Oraindik bi aste pasatxo falta da 60+ Adinekoen Asterako, baina antolatzaileek ongi lotuta eta prestatuta dute guztia. Egitarau oparo batekin, gainera. Urriaren  7tik 13ra ospatuko dute astea, eta aurtengoa «inoiz baino irekiagoa, anitzagoa, zabalagoa eta parte hartzailegoa» izango dela nabarmendu du udaleko Gizarte Politiketako arduradun Jesus Aranak. Adinekoen Mahaiarekin ekarlanean, Udal Gizarte Zerbitzuetatik nahi izan dute «esperientzia berriz» osatutako aste bat izatea, eta «esperientzia berri horietatik leiho eta ate berriak zabaltzea gure adinekoei», gaineratu du Aranak.

Adinekoen Asteko egitaraua hainbat elkartek  urtean zehar aurrera eramaten dituzten ekintzen adierazgarri ere badela dio zinegotziak, «adierazgarri eta aberasgarri, alegia». Modu batera edo bestera, 60+ astean ondorengo elkarte eta talde eragile hauek hartu dute parte: Udaberri, Afagi, Santa Ana Egoitza, Nagusilan, Kostan elkartea, Duintasuna, Iñurritza elkartea, Zelaiondoko Bol&Tok Kluba, Maria Etxetxiki Zentroa eta Arkaitz Mendi elkartea.


Askotariko ekintzak


Ariketa fisikoak garratzia berezia izango du egun horietan, eta asteari hasiera emateko, ohi bezala, bi ibilaldi antolatu dituzte: bata, 8 kilometrokoa (kiroldegia-Getaria-Santa Barbara-Iñurritza), 09:00etan, eta bestea, 5 kilometrokoa (kiroldegia-Frantzeskua-Asti-kanala-Iñurritza), 10:00etan. Halaber, ate irekiko jardunaldiak egingo dituzte goizez Aritzbatalde kiroldegian, urriaren 8tik 11ra. Bi egunetan begiraleen gidaritzapean ariko dira bertaratzen direnak.

Alde ludikoari begira, musa, seikoak eta partxiseko mahai jokoak urriaren 7an eta 8an egingo dituzte  Iñurritza eta Udaberri jubilatu elkarteetan, eta izena aipatu elkarteetan eman ahalko da aurrez. Urriaren 9ko arratsaldean, berriz, bola eta toka txapelketa egingo dute Zelai Ondon. Eta arrantza lehiaketa izango da hurrengo egunean, urriaren 10ean, 14:30etik 17:00etara, eta bertan parte hartzeko Arkaitz Mendi elkartean eman beharko da izena lehiaketa hasi baino ordubete lehenago.

Kultur arlotik ere joko du asteak, eta horretarako ere hamaika aukera izango da: besteak beste, Maite Franko ipuin kontalariaren Amoneskatilak kontakizuna urriaren 7an, 19:30ean, Antoniano aretoan; Felix Zubiaren Adineko pertsonen bizi ohiturak hitzaldia, urriaren 8an, 19:30ean, Antoniano aretoan; Tiempos viejos antzezlana, urriaren 9an, 19:30ean, Modelo aretoan; eskulan tailer irekia, urriaren 10ean, 17:00etatik 18:00etara, Ebro Etxean; antzezlan laburren emanaldia, urriaren 10ean, 19:30etik 20:30era, Antoniano aretoan; eta Udaberri abesbatzaren kontzertua, urriaren 11n, Merkatu plazan, 13:00etan.

Erakusketa bat ere atonduko dute aurten. Ramon Serras argazkilari zarauztarrak utzitako irudiekin Erretratuak. Ezagutzen al duzu aurpegi hau? izeneko erakusketa egongo da ikusgai. Merkatu plazako lehen solairuan jarriko dute, eta urriaren 8tik 10era bisitatu ahal izango da, 18:00etatik 20:00etara.

Bestalde, urriaren 10ean bingoa izango dute Maria Etxetxiki eguneko zentrokoek Frontoi Txikin, eta Santa Ana egoitzakoek klown ikuskizuna eskainiko dute urriaren 12an, goizez, herrian.
Urtero bezala, asteari amaiera emateko bazkaria antolatu dute, eta aurten Otzarreta jatetxean izango da. Tiketak 15 euro balio du eta aurretik salduko dituzte Udaberri Jubilatuen Elkartean irailaren 23tik urriaren 4ra, 10:00etatik 12:00etara. Edukiera 200 lagunetara dago mugatuta.