Aitor Urbieta: "Gure ondokoaren saio on batek gora ekar gaitzake gu"

Gaur izango du txapelketako saioa Aitor Urbietak (Zarautz, 1987), Ordizian. Urduri igaro du astea, baina egokitu zaion saioarekin gustura, gogotsu dago abesteko.

Ze gorputzaldirekin zaude?

Asteartean hasi nintzen hotzikara moduko batzuk sentitzen txapelketagatik. Aldi berean badut gogoa saioa iristeko eta gauzak ondo egiteko.

Hori seinale ona al da?

Beno, maiatzean ere antzeko zerbait pasa zitzaidan eta gero saioa ez zen gaizki joan, beraz, urduri egotea seinale ona dela uste dut. Asko eragiten du, astean zehar ez zaudelako normal. Nahigabe ere denbora guztian txapelketa daukat buruan. Espero dut seinale ona izango dela.

Zer espero duzu gaurko saiotik?

Txapelketan sartuta denak dira nahiko saio interesgarriak, baina gaurkoa bereziki interesgarria iruditzen zait. Batetik, gehienak lagunak edo ezagun samarrak ditut. Ainhoa [Agirreazaldegi] herrikoa, Azpirekin [Asier Azpiroz] harreman handia daukat, Zuazubiskarrekin [Ane] gutxiago baina ezaguna dut, Manex Mujikarekin txapelketan laugarren aldiz kantatuko dut, eta horregatik bakarrik konfiantza daukagu elkarrekin. Azkenean gertu samar somatzen ditut guztiak, eta horrez gain, maila handiko bertsolariak direla uste dut.

Eroso egongo zarela uste duzu orduan.

Hori momentuan esan beharko dut, baina konparatuz gero kanporaketa fasean tokatutako saioa eta oraingoa, uste dut baietz. Maiatzean tratu gutxiago nuen jendearekin abestu nuen, eta elkarrenganako goxotasun falta somatu nuen. Oraingoan saio on bat izan dadin egingo dugu lan, denoi komeni baitzaigu. Azkenean, 42 bertsolari gaude lehian eta ez gara gure saioko beste bost bertsolarien kontra ari. Alderantziz, gure ondokoaren saio on batek gora ekar gaitzake gu.

Lehenengo bi saioak ikusten izan al zara?

Bai, Oñatin izan nintzen larunbatean eta igandean Villabonan. Oñatin hasi nintzen tripa barruan tximeletak sentitzen. Saio hartan azken biak Andoni Mujika eta Potto [Aratz Igartzabal] izan ziren, baina oso erantzun biziak utzi zituzten haiek ere. Villabonan berdin, azken biek lan handia egin zuten eta garbi geratu zitzaidan gauzak ez direla errazak izango.

Maila altua dago txapelketan, beraz.

Bai. Denak oso ondo prestatzen dira, jendeak oso serio hartzen du. Jarraipen handia dauka, lau urtean behin jokatzen da txapelketa eta dena eman nahi izaten dugu. 42 gaude fase honetan. 35 pasatu gara,  baina hasieran 80 bertsolaritik gora hasi ginen, eta horien artean maila handiko jende asko geratu da pasa gabe. 

Zein da zure buruari jarri diozun erronka?

Azken bi txapelketetan igarri dut gutxi gorabehera gazteagoa nintzenean nire inguruan ibili zirenek gorakada moduko bat izan dutela, eta ni apur bat ez aurrera ez atzera geratu nintzela. Nire nahia izango litzateke inguruan nituen horien inguruan geratzea. Ez naiz ausartzen fase bat edo bestea esatera; gustatuko litzaidake pasatzea, noski, baina oso zaila izango da. Nik nahi dudana da igartzea hobekuntza bat egon dela. Horixe da nire erronka