Skasti: “Kilometroetakoa energiaz beteriko kontzertua izatea nahi dugu, orain artekoak baino are gehiago”

Skasti musika taldea (Laida Aranburu).

Urriaren 6an, Kilometroen egitarauaren baitan Zarauzko Skasti musika-taldea entzuteko aukera izango da. Taldeak lotura handia du Zarauzko Ikastolarekin: taldekide asko bertako ikasle izandakoak dira, eta bakarren bat irakasle ere izan da bertan. “Energiaz beteriko kontzertua” eskaintzeko lanean ari direla adierazi digute.

Skastiren musika ezagututa, gisa honetako festa batean giro ederrean dantza egiteko ezin aproposagoa da. Gustura hartu duzue Kilometroetan herrian jotzeko eskaintza?

Noski! Kilometroak jaialdia non izango den jakin genuenean, bertan jo behar genuela sentitu genuen. Asko pozten gara egitaraua antolatzen jardun direnek ere hala uste izan dutelako. Eskertzen dugu. Jaialdiak merezi duen mailan aritzea espero dugu!

Zarauztarrak izanik, berezia izango da zuentzat kontzertu hau, ezta? Ez da ohiko kontzertua ere, gainera: jendetza biltzen duen festa handia, ikastolaren alde, Desertu Txikian…

Dudarik gabe! Taldeak lotura handia du Zarauzko Ikastolarekin: kideetako asko ikasle izandakoak gara, eta bakarren bat irakasle ere bai praktika-aldiren batean edo bestean. Horrek konpromisoa sortzen digu, baina zentzu onean; gure ekarpen txikia ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara!

Bestalde, aipatu nahi dugu egokitu zaigun gunearen kokapena asko gustatu zaigula. Horrek ez du esan nahi beste tokiren batean gustura arituko ez ginatekeenik, baina bereziki erakargarria egiten zaigu “ohiko” habitatetatik irten eta Desertu Txikian aritu ahal izatea, Zarauzko hondartzan, inguru paregabean.

Zer aurkituko du urriaren 6an Skastiren kontzertura gerturatzen denak?

Ez dugu gehiegi aurreratu nahi, baina energiaz beteriko kontzertua izatea nahi dugu, orain artekoak baino are gehiago, eta horretarako ari gara lanean. Abestien hautaketa ez da erraza izaten ari; kontzertuaren baldintzei ondoen egokitzen zaion kantu-zerrenda osatu nahian gabiltza buru-belarri. Atsedenik hartzeko aukerarik emango ez duen emanaldia izango dela dirudi; hasi eta buka!

Ez bazenukete Skastiren kontzertuan aritu beharko, egitarauko zein beste talde ikustera joango zinatekete, eta zergatik?

Jo beharko ez bagenu ere, gune berera gerturatuko ginatekeela uste dugu. Leku ederra izateaz gain, bertako musikari gehien bilduko dituen agertokia dela dirudi, Pottors eta Klito eta Dj Ines eta Billy Arizona tarteko. Eta hori gutxi balitz, Joseba Irazoki eta lagunak taldeak eskain dezakeena ezagutzeko irrikaz gaude. Beste talde batzuekin ikusi izan dugu Irazoki oholtzan eta plazer hutsa da, beti, haren lanaz gozatzea.

Baina, tira, antolatu den egitarauarekin, pena ematen du aldi berean hainbat lekutan egon ezinak; Tik Tara, Sara Zozaya, Sonakay… kontzertu bikainak izango dira, ziur.