Txuleta Parrilen Espainiako Txapelketako kanporaketa jokatuko dute bihar

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 23a, 14:00
Okelan behi txuletak.

Hiru parrilero ariko dira nor baino nor Karlos Argiñano jatetxeko terrazan, Madrilgo Gourmets aretoan izango den finalerako txartela eskuratzeko.

Okelan harakintzak antolatuta,  Behi-Txuleta Parrilen Espainiako Txapelketaren hirugarren kanporaketa jokatuko dute bihar, Karlos Argiñano jatetxeko terrazan. Txapelketak lurralde bakoitzeko ordezkaritza bilatu nahi du, eta Zarautzen Petritegi sagardotegiko Oroitz Rey, Iruñeko Iturrama erretegiko Aingeru Mendiola eta Bilboko Txakoli Simon jatetxeko Oscar Garcia ariko dira lehian.

Epaimahaia hainbat lagunez osatuta egongo da; batzuk aipatzekotan, La Mejor Txuleta de Bilbao bloggaren sortzaile Diego Marcos, Txuleta jatetxeko sukaldariburu Ander Esarte eta Karlos Argiñano jatetxeko sukaldaritzaren zuzendari Zigor Argiñano.

Txapelketako finalerdiekin Valentziako Meat Carnival jaialdian hasi ziren ekainean, eta final handia Madrilgo Gourmets aretoan izango da 2020ko apirilean; bertan erabakiko dute nor izango den parrillero onena, hain zuzen ere.