"Komedia bakarrik idaztea oso gogorra da; norbait behar da ondoan"

Telmo Esnal eta Asier Altuna zinegileak (@kulturalea).

'Aupa Etxebeste!'-ren ostean, 'Agur, Etxebeste!'. Hamalau urteren ondoren, berriz ere komedia egitean libreago sentitu dira Asier Altuna eta Telmo Esnal, dibertitzeko gogoz, eta orduko lantalde bera bilduta. Gaur aurkeztuko dute filma, Euskal Zinemaren Galan.

Ikuslea barrez jarri nahi dute, eta hala azaldu dira eurak ere, umorez eta elkarri barrea ateraz. Hamalau urteren ostean, Etxebestetarrak biziberritu dituzte Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa, 1969) eta Telmo Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1966). Etxeko hormen artetik irtenda, plaza dute orain gudu-zelai Maria Luisak (Elena Irureta), Patriziok (Ramon Agirre), Iñakik (Iban Garate) eta Luzianok (Paco Sagarzazu). Lehen irudietan, herriko alkate lanetan azalduko da Patrizio, baina, azpijokotan arituko denez, Maria Luisak hartuko dio lekua. "Hemendik aurrera gauzak nire erara egingo dira". Esan eta egin. Hankaz gora jarriko du udaletxeko martxa, eta, azkenean, etxera sartuko da bueltan iskanbila.

Gaur aurkeztuko dute Agur, Etxebeste! Donostiako Zinemaldian, Euskal Zinemaren Galan, eta ostiraletik aurrera izango da zinema aretoetan. Lehen erakustaldietan, entzun dituzte barreak, eta hori da orain lasaitzeko behar dutena. "Baina erabat lasai hamalau urte barru egongo gara, 'ze ona!', 'zein zen hobea?' hasten direnean denak. Imajinatzen?".

Aupa Etxebeste! arrakastatsuaren ostean, bueltan dira familiaren gorabeherak. Zerk motibatu zaituzte istorioa berriz hartzera?
Telmo Esnal: Ekoizleak egin zigun eskaintza, eta pentsatu genuen hau momentu egokia izan zitekeela. Euskal zineman ez da inoiz aurreko pelikula baten sekuelarik egin, eta opari bat izan da. Opari bat, aktore berberekin eta talde guztiarekin berriz elkartzea. Ni horrek erakarri nau gehien. Eta ezagutzen ditugun pertsonaiekin istorio berri bat sortzeak ere bai. Pelikula oso ezagun baten bigarren partea egitea erronka handia da. Modu arduratsu batean hasi ginen istorioa lantzen, baina, momentu batean, erabaki genuen ezin genuela aurrekoaren menpe lan egin.

Asier Altuna: Pelikula proiektu berri bat bezala hartu dugu, nahiz eta pertsonaiak eta testuinguru bat markatuta egon. Beste istorio oso diferente bat kontatu dugu, aurrekoari keinu pila bat egin dizkiogun arren.

Zergatik ikusi duzue orain izan zitekeela unea?
T.E.: Aupa Etxebeste! bukatu eta berehala eskaini ziguten bigarren partea egitea, baina ez zen momentua, bakoitzak bere proiektuak zituen. Donostia 2016rako film labur bat egiteko elkartzean, berriz proposatu ziguten. Komedia aspaldi egin gabe geunden, eta orduan esan genuen: "Ba, orain bai". Libreago sentitu gara honetan sartzeko. Ausartago.

Zertan ausartago?
T.E.: Disfrutatzera joan gara, beldurrik gabe. Jantziena, adibidez. Agian aurretik ez genuen hautatuko Maria Luisa horrela janztea alkate izendatzera doazenean, edo berdin etxe hain zuri bat jartzerakoan; zinema eta zuria oso gatazkatsua da beti, baina zergatik ez egin? Proposamen teknikoetan ibili gara ausart.

Bigarren zatiek ezinbestez dakarte aurrekoaren pisua. Nagore Aranburuk eta hirurok idatzi duzue gidoia. Nola joan da?
T.E.: Asko kostatu zaigu. Hasi ginenean ni Dantza-rekin [2018] nengoen, Asier Amama-rekin [2015]... Hirugarren pertsona bat behar genuen, eta Nagorerekin oso harreman ona geneukan, Brinkola [telesaila, 2009] elkarrekin idatzi genuelako. Prozesu oso luzea izan da, konplikatua. Ez genuen ondo ixten gidoia, baina, bukaera esperpentikoa okurritu zitzaigunean, listo, ikusi genuen.

A.A.: Aurrekoan, gizarteari kritika bat ere egiten genion, eta hortik abiatu gara honetan ere. Ingurua gure ikuspuntutik begiratuta ateratzen da gaia: zer gertatzen da gaur udaletxe munduan? Eta hor dago.

T.E.: Idazten ari ginela, ustelkeriarena pil-pilean zegoen: egunero zegoen PPko trama telebistan. Aznarren emaztea alkategai, bestea elefanteak akabatzen...

Baina, denaren gainetik, itxurak gordetzea. Horretan lehengoan diraute Etxebestetarrek.
T.E.: Bai, itxura eman behar da estatusa mantentzeko. Azkenean, ustelkeriarena aitzakia bat da familia kinka larri batean jartzeko.

Oraingoan izan dezake leku gehiago kritika sozialak? Ustelkeria, emakumeek boterea hartzearen aldeko aldarriak...
T.E.: Aurrekoa itxiagoa da. Herria hirugarren pertsonaia bat bezala zen. Baina hemen hor daude, kalean gertatzen da. Aurrekoak bazuen drama puntu bat, eta uste dut honetan ere badaudela momentuak. Elenak [Irureta] komentatzen zuen: isiltasunak ere badu bere pisua. Bestetik, orain emakumeen unean gaude, eta hori ere sartu nahi genuen: ez sartzeagatik, nik behintzat pentsatzen dudalako hobeto joango litzatekeela mundua era horretan.

A.A.: Kontrastean, hor dago nola islatzen dugun gizonen mundua, ehiztarien giro hori dena. Misogino batzuk dira.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus

Erlazionatuak

Zinemaldian da 'Agur Etxebeste!'

Zarautz

Egun hauetan Donostiako Zinemaldian emango dute Telmo Esnal zarauztarraren eta Asier Altuna bergararraren lan berria.