Urola Kosta, arraunaren ardatz

Ibon Gaztañazpi. (Karkara)

Portugaleteko estropadek azken puntua jarri zioten arraun denboraldiari, eta Ibon Gaztañazpik eskualdeko traineruek egindako lanen inguruan hausnartu du.

"Sei traineru, eta ia denak banderak irabazten". Horixe da Ibon Gaztañazpiren abiapuntua, eskualdeko taldeek egindako arraun denboraldien analisian. Eusko Label, Euskotren, KAE 1 eta KAE 2 ligak  irabazi dituzte, eta Gaztañazpiren ustez, horrek, Urola Kosta "arraunketaren ardatz" bihurtzen du Kantauri osoan, kalitateari dagokionez, bederen. Banaka-banaka, traineru guztien denboraldiak eta emaitzak  aztertu ditu oriotarrak.

Getariak "urte oso ona" egin duela uste du Gaztañazpik, kontuan hartuta herriko jendearekin aritu direla eta Jon Larrañaga entrenatzailearen lehen urtea izan dela talde berriarekin. KAE 1 ligako maila ere azpimarratu du Gaztañazpik: "Beharbada askotan itzalean geratzen da, baina KAE 1 ligan maila harrigarria dago. Meritu handia ematen diot aurten Getariako Esperantzak egin duenari, hainbat talde indartsurekin nor baino nor aritu direlako, tartean hiru bandera irabaziz. Bejondekiela". 


Telmo Deun, gazi-gozo


Zumaiarren txanponak bi aurpegi izan dituela dio arraunlari ohiak. Alde batean dago ETE ligako "arrakasta". Hiru urte trainerurik itsasoratu gabe pasa ostean, ETE ligan bigarren izan dira, Kontxan sartu eta gainera sei bandera ekarri dituzte etxera Zumaiako emakumeek. Hor atzean dagoen lana nabarmendu eta "urte solte bateko dizdira baino zerbait gehiago" izan dela uste du Gaztañazpik, nahiz eta oraindik "zailtzeko eta indartzeko" lana egin beharko duten.

Zumaiako gizonezkoak izan dira eskualdeko sei traineruetan maila apalena izan dutenak. "Uste dut zuzendaritzak nahi izan diola betiko Zumaiari eutsi, betiko jendearekin, baina zerbaitek ez du ondo funtzionatu".  

Zarautzen arrakasta

KAE 1eko "lehia gogorra" azpimarratuz, bete-beteko arrakastatzat du aurtengo Enbataren denboraldia Gaztañazpik. Liga, zortzi bandera eta maila igoera eskuratu ditu Zarautzek, eta hori kanpoko inor ekarri gabe egitea, Gari Uranga entrenatzailearen bigarren urtean, "gauza handia" dela azaldu du. "Zarautz handiena" 2005 inguruan ezagutu zen oriotarraren arabera, Gari Uranga, Gorka Aranberri, Bersaitz Azkue, Hegoi Intxauspe eta beste hainbat taldeko kide zirela. Ordutik gaur arterako urteetan zarauztarrek egin duten lana "oso garrantzitsua" da Gaztañazpiren iritziz, "patxadaz eta pazientzia handiarekin" egin delako. Horrez gain, azpimarratu du azken bi urteetan Urangak "bete-betean" asmatu duela bere jakintza ondo erabiltzen.

Historia, horiz idatzia

Orioko arraunketaren urte historikoen artean sartuko luke Gaztañazpik aurtengoa, hiru trainerutik hiruk irabazi baitute liga. "Oraindik guri burura Manuel Olaizola, Domingo Mitxelena eta halakoak etortzen zaizkigun bezala, historiarako geratuko da aurtengo emakumeen trainerua". Lehen aldiz irabazi dituzte bai liga baita Kontxa ere, uda osoan bandera bakarra galduta (Lekeitiokoa). "San Juango bateleren itzala albo batera uztea" lortu dutela uste du Gaztañazpik. "Oraindik ere udaberrian entzuten genuen oriotarrek irabaziko zutela, baina batelerak ez zeudelako, eta pentsaera hori uda osoan ez dugu entzun". Kirol lorpenez gain zaletuen jarreraz ere mintzatu da arraunlari ohia. Oriok gizarte mailan "erreferentzialtasuna" lortu duela uste du, emakumezkoen lorpenen aurrean arraunzaleek izandako erantzunarekin.


Azkenik, Orioko gizonezkoen lehen taldea izan du hizpide Gaztañazpik. Lehen aldiz irabazi dute liga aurten, eta gogoan du, artean bera arraunlari zela, liga sortu zenean "errezeloz" begiratzen ziotela erronka berriari. "Iruditzen zait Oriok berak kudeatzen ez dituen aldaketekin mesfidatia dela elkartea. Kontxa irabazteko ere 22 urte behar izan zituen". Orio "dominatzaile" bat ikusi du aurtengoan. "Alegia, irabazteko Oriori irabazi behar izan zaio". Hiru urteren ondoren, Salsamendiren egitasmoa "erabat egonkortuta" ikusi du, eta oriozaleek ikusi nahi dutena hori dela uste du.

Hurrengo urteari begira, nabarmenduko luke gaur egun arrauna dagoen moduan, "indartzen ez dena erori egiten dela". Tostako arraunketa "puri-purian" dagoen honetan, jendea "interesatzen eta dirua inbertitzen" ari dela uste du oriotarrak eta, hori, errendimenduan islatzen dela. "Eskualdeko traineru guztiek pentsatu beharko dute maila nola hobetu, hurrengo urtean ere hor egoteko".