Zarautz da lehen portua

Ekimenaren aurkezpena, Udal Elkartearen egoitzan. (UKUE)

Itsasotik Herrira jaialdiak izaera ibiltaria hartu du, eta aurten Zarautzen ospatuko dute. Urriaren 11n eta 12an izango da,  ingurumena ardatz nagusitzat hartuta.

Urola Kostako Udal Elkarteak sustatuta, Itsasotik Herrira jaialdia ospatuko dute bigarren urtez urriaren 11n eta 12an. Iaz bezala, Kosta bailarako izaera bereizten duen sormen eta kultura ondarea izango du oinarri. Hemendik aurrerako egitasmoak, ordea, hainbat berrikuntza izango ditu. Iazko sormen olatua bost herrietan –Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian– lehertu baldin bazen, aurten Zarautzen egingo dute.
Aurrerantzean jaialdia ibiltaria izango da, urtez urte jaialdia herriz lekualdatuz, eta jaialdiaren koordinazio lanetan diharduen Udal Elkarteko Enpresa Zerbitzuetako teknikari Eli Uzkudunen esanetan, "bailarako eskaintza herri guztietara modu nabarmenagoan gerturatzeko".

Jai ibiltaria izateaz gain, gizarte intereseko gairen bati helduko diote urtero. Hala, aurtengo jaialdian ingurumenaren gaia nabarmendu nahi dute, eta Ingurumenaren uberan lelopean garatu dituzte proposamenak ekimenean parte hartu duten sortzaileek, dela inspirazio iturri modura, dela sentsibilizazio modura. Era berean, jaialdiaren nortasun irudi berria ere sortu dute, bertako sortzaileek egindako diseinuarekin.

Hogei ekintza inguru

Jaialdiko bi egunetan, bailarako kultura ondareari loturiko hogei ekintza inguru eskainiko dituzte Zarauzko hainbat gunetan. Eskaintza zabala izango da, diziplina anitzekoa: eskultura, artisautza, dantza, kultura-ondarea, musika, antzerkia… Guztiek izango dute bertako kutsua: batzuek tradizioei egingo diete keinu, eta besteek, berriz, egungo proposamenei begiratuko diete. Hainbat proposamen eta ekoizpen, gainera, Itsasotik Herrira jaialdirako propio sortutakoak dira. Eskaintza oro herritar guztiengana zuzenduta egongo da, eta ekintza guztiak doakoak izango dira.

Egitarauaren aurrerapen gisa, hitza hartu dute jaialdian parte hartuko duten zenbait eragilek. Itsas-ondarea berreskuratzeko eta balioa emateko lan egiten duen Zumaiako Beduola elkarteko kide Beñat Ibaietarentzat "aberasgarria" izan zen iazko esperientzia, eta aurtengorako gogotsu daudela dio. Jaialdirako bailarako  ontzirik zaharrenetarikoa izan litekeen  Hiru Anai (Deba, 1928) ontziaren berreskuratze lanak aterako dituzte argitara. Planoak berreskuratu eta ontziaren azterketa egin ondoren, kalean bertan muntaketa lanak egingo baitituzte herritarren aurrean.

Bestetik, Iraia Elias aktore eta  Oihana Leunda artista zarauztarrek Hauts izeneko zuzeneko ikuskizunaren berri eman dute.  Itsasotik Herrira jaialdirako espresuki sortutako ekoizpena da, eta bideo-mapping animazio teknika erabiliko dute, dantzarekin eta antzerkiarekin uztartuz osatutakoa. Punta-puntako ikuskizun berritzailea ontzeko diziplina ezberdinetatik datozen bailarako hamar profesionalek hartu dute parte. 

Eliasen eta Leundaren ustez, Hauts proiektuaren sortze prozesua "oso aberasgarria" izan da, eta  emaitza publiko aurrean erakusteko "irrikaz" daude.


Lankidetza oinarri


Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek dioenez, jaialdia aurrera ateratzeko ahaleginaren atzean dago UKUEko Garapen Agentziak duela 3 urte abiatutako Kultura eta Sormen Industrien sektorea suspertzeko lan-lerro estrategiko oso bat. Hain zuzen, potentzialitateak baliatu eta lankidetzaren bidetik bailara eraikitzen jarraitzeko konpromisotik gorpuztu da proiektua.

Lankidetza ardatz, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalekin elkarlanean garatu da, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin ere. Eta zuzenean ondu da, eskuz esku, bailarako sormen eta kultura ehun aberatsa osatzen duten profesional, eragile, elkarte, enpresa eta norbanakoekin. Zehazki, Udal Elkartearen babesean eta elkarlanean jardun duten hamalau diziplinetako 50 eragile baino gehiagoren partaidetzarekin antolatu dute jaialdia.

Itsasotik Herrira "lankidetzatik eta lankidetzan" sortutakoa dela dio Uzkudunek, eta horrek egiten duela berezi. Halaber, nabarmendu nahi izan du jaialdiaren "bihotza nahiz motorra" izatera iritsi den bailarako sektore-mahaia.