Bosgarren eta seigarren postuak zarauztarrentzat, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Aitor Urbieta kantuan, Ordizian. (Bertsozale Elkartea)

Datorren asteburuan Zumarraga-Urretxun eta Elgoibarren izango dira final zortzirenak.

Hiru zarauztarrek hartu dute parte asteburu honetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetan. Aitor Urbietak eta Ainhoa Agirreazaldegik larunbatean, Ordizian, eta Beñat Jauregik igandean, Zumaian.

Urbieta bosgarren geratu zen bere saioan 402.5 punturekin eta Agirreazaldegi seigarren, 397 punturekin. Saioa Beñat Lizaso azpeitiarrak irabazi zuen, 445 punturekin. Bigarren izan zen Asier Azpirotz (423 puntu), hirugarren Ane Zuazubiskar (416.5 puntu), laugarren Manex Mujika (416 puntu) eta atzetik bi zarauztarrak. Honenbestez, Lizaso da zuzenean final laurdenetan kantatzeko sailkatu den bertsolaria.

Zumaian, seigarren sailkatua izan zen Benat Jauregi zarauztarra, 394 punturekin. Horrela geratu zen final zortzireneko sailkapena: Gorka Maiz izan zen lehena (441 puntu), Unai Muñoa bigarren (434.5 puntu), Ander Lizarralde hirugarren (432.5 puntu), Iñigo Gorostarzu laugarren (416 puntu) eta Jokin Bergara bosgarren (404 puntu). Hala, Lizasorekin batera, Maiz gabiriarrak kantatuko du zuzenean final laurdenetan.

Gainontzeko bertsolariek itxaron egin beharko dute final zortzirenetako puntuazio guztiak jakin arte, puntuazioaren arabera lehenengo 17ak igaroko baitira hurrengo fasera, saioetako irabazleez gain.

Hurrengo final zortzirenak Urretxu-Zumarragan eta Elgoibarren izango dira, datorren larunbatean eta igandean.

Txapelketaren inguruko informazio guztia ikusgai dago Bertsozale Elkarteak sortutako azpiwebgunean.