Mikel Paredes: "Hain dira burumotzak, ez dakite zer den idealismoa, ez askatasun egarria"

Miel Anjel Elustondo / 'Argia' 2019ko ira. 27a, 10:45
Mikel Paredes, anaiaren hilobian. (Zaldi Ero)

1975eko irailak 27. Franco hilzorian, Juan Carlos I.a Borboikoa ordezko izendatua ordurako. Bost fusilatu: Txiki, Otaegi, Sánchez Bravo, Baena, García Sánz. Jon Paredes Manot Txiki-ren anaia da Mikel. Begietara begira-begira zuela fusilatu zioten anaia Bartzelonako Cerdanyolan. Argia astekarian dago ikusgai Mikel Paredesi egindako elkarrizketa.

Anaia nola fusilatu zizuten ikusi zenuen.

Bai. Niregandik hamar metrora zegoela. 23 urte nituen, eta 21 Jonek. Mukizu bat zen, esaterako. Hortxe ageri da argazkietan. Gazte, eta idealista, idealismoa baitzen garai hartan herri honetan geneukan gauzarik inportanteena, injustizia zaparradari kontra egiteko modu bakarra. Isilpeko borrokan hasten zen jendeak bazekien, kontziente zen, egun batean libre zela, baina biharamunean preso zitekeela. Jende mordoa lotu zitzaion borrokari, batzuen izenak agertu dira, beste batzuenak ez; batzuk atxilotu zituzten, beste batzuk ez, zorionez. Eta nik, orduan bezalaxe pentsatzen dut orain, herri honen alde saiatu behar dugula. Jakina, orain ez ditut 23 urte, 67 baizik, bizi-eskarmentua dut, jende asko ezagutu dut. Horietako batzuek, bere burua Superman-tzat daukate, edo aiatola balira bezala jokatzeko ohitura dute…

Jende mordoa lotu zitzaion borrokari. Tartean, Jon; tartean, zu zeu.

Era batera eta bestera borrokatu naiz garai hartatik hona. Inoiz ez dut ezer esan, Glencree arte [euskal gatazkaren bake prozesuan hainbat biktimek topaketak egin zituzten justizia, memoria eta elkarbizitza bultzatzeko]. Glencreen parte hartzeko eskatu zidatenean, zerbait egin behar zela pentsatu nuen, eta nahiz eta batzuek ez zuten begi onez ikusi nire parte-hartzea, parte hartu nuen. Zerbait egin beharra zegoela uste nuen, egiazko botererik ez dugulako, Gasteizko boterea ez delako Madrilek maileguan utzitakoa besterik: “Gaur eman, bihar kendu”. Gogotik saiatu behar dugu jendea geureganatzen, gehiengo handia osatzen, eta, gehiengoarekin, Madrilera joan eta esaten: “Egin guri kasu, edo ez ikustekoak ikusiko dituzue!”.

Katalanen modura, esan nahi duzu?

Katalanen modura, baina goxoago. Eta, beti, bortxarik gabe. Bortxa bidez ezinezkoa da. Askoz ere beldur handiagoa diot Estatuaren bortxari, Katalunian nahiz Euskal Herrian eratu litekeen ezein mugimendu bortxazkori baino, Estatua gai baita beste GAL bat, edo bi, muntatzeko, lehen egin zuen moduan, eta gainera, “zilegitasun” osoz. Zer zilegitasun, ordea? Guk ez dugu hitza besterik, zintzo agertu behar dugu Europaren aurrean, herri bezala aitor gaitzaten. Katalanek ere hortik jo beharko luketela uste dut.

Jon buru-belarri sartu zen borrokan, sartu zen ETAn. Eta zu? Anaia nagusia zinen.

Ni ez nintzen sartu.

“Ez zinen sartu”... Nola sartu zen Jon?

Giroak horretaratuta. Injustizia zen orduko justizia. Jonek, bere kuadrillan bertan zenbait jende zer edo zertan zebilela ikusi zuen, eta berak ere bide hartatik jotzea erabaki zuen. Herrian zenbait talde osatu zituzten, eta talde haiek zein bere aldetik zebiltzan, loturarik gabe. Talde bat erortzen zenean, hiruzpalau harrapatzen zituzten, ez beste inor. Horrelaxe hasi zen Jon. Egun batean, ezkutatu egin zen, eta handik urtebetera harrapatu zuten.

Irakurri elkarrizketa osorik, Argiaren atarian.