Salberdingo azpipartzela bat doan laga dio udalak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrari

Zarauzko Hitza 2019ko ira. 27a, 13:24

Alokairura bideratutako babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko egin du lagapena udalak.

Atzo egin zuten iraileko udalbatzarra, eta bertan onartutako puntuen artean, Salberdin eremuko partezela baten doako lagapena ere onartu zuten. Hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrari lagako dio doan Zarauzko Udalak eremua, bertan alokairura bideratutako babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko. 2017ko abenduan lankidetza hitzarmena sinatu zuten Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde plangintza eta Etxebizitza sailburuak eta Xabier Txurruka alkateak. 2018ko urtarrileko osoko bilkuran berretsi egin zuten hitzarmena, eta jendaurrean jartzean ez zen alegaziorik aurkeztu. Gauzak horrela, alderdi guztien aldeko botoarekin, gehiengo osoz erabaki zuten atzoko udalbatzarrean lagapena egitea.

Gloria Vazquez PSE-EEko zinegotziak azaldu duenez, zuzkidurazko 60 exebizitza izango dira guztira eremu horretan eraikiko direnak, eta helburua izango da gazteen emantzipazioan laguntzea. Hala, lehentasuna izango dute zarauztarrek etxebizitza horiek eskuratzeko.