Leire Barrena: “Garrantzitsua da gustuko gauzei eustea”

Leire Barrena psikoterapeuta. (Gorka Rubio / Foku)

Minbizi diagnostiko bat dagoenean “albistea digeritzea” ezinbestekoa dela dio Leire Barrena psikoterapeutak (Zarautz, 1981), eta horretarako ezinbestekoa ez, baina baliagarria izan daitekeela psikologo baten laguntza. Minbiziak bizitzeko eta bizitza ikusteko modu berri baten aurrean jartzen du gaixoa, eta psikologoak hori ondo kudeatzeko laguntza eman dezake.

Psikologo batek zertan lagun diezaioke minbiziaren diagnostikoa jaso duen pertsona bati?

Ezaguna da jada emozioek gaixotasunetan duten eragina. Hala, garrantzi handia du emozioak kudeatzen ikasteak. Gaixotasuna, erronka moduan hartuta, baliagarria izan liteke garapen pertsonalerako eta barne hutsuneak ulertzeko, eta baliabide berriak garatzeko. Diagnostikoa digeritzea ezinbestekoa da. Kezkak, uste faltsuak, beldurrak sarri agertzen dira, eta psikologo batek, haren enpatiarekin eta epaitu gabe entzunez eta ulertuz, askotan lagunartean edo familian askatu ezin daitezkeen sentimenduak modu ireki, baikor eta zabal batean jaso ditzake.

Familiak ere behar al du laguntza psikologikoa?

Inork ez gaitu prestatzen bizitzako une gogorrak ondo eramateko. Eta maiz izaten dira halakoak. Familiak, bikotekideak edota lagunek askotan ez dakite nola lagundu edo nola akonpainatu prozesu horretan. Alboan egoten jakitea eta pertsonaren beharrak zein diren jakin eta errespetatzea ikasi beharreko zerbait dela uste dut. Ildo horretan, laguntza psikologikoa ondo dator denontzat.

Halako gaitz baten aurrean jarrera baikorra izateko gaitasuna landu daiteke?

Bai, landu daiteke. Askotan bizitza bizitzeko planteamenduan aldaketak ekar ditzake halako egoera batek: modu batera funtzionatzeari utzi, eta beste aspektu batzuei garrantzia ematen hastea, adibidez. Lehentasunak eta beharrak aldatzen dira, eta baita nork bere buruari egiten dizkion galderak ere. Bizirik sentiarazten gaituzten eta bihotzean poza ematen diguten gauzak zein diren deskubritu daiteke. Agian, zure bizimoduan beste balio batzuk agertu daitezke, benetan zoriontsu egiten zaituzten gauzekin gehiago konektatuz. Halako egoera batek, barne integrazio edo harmonia falta batetik, zure esentzia ezagutzera eta osotasunera eraman zaitzake, barne bakera eta orekara bueltatuz.

Umeekin nola landu behar da gai hau?

Heriotza bizitzaren parte gisa ikusteak asko lagunduko liguke denoi, tabuak saihestuz eta naturaltasuna nabarmenduz. Pentsamenduaren bolumena jaitsiz eta sentimenduena igoz, helduok nola eramaten dugun izango da umeek islatzen dutena. Beraz, gureekin egiten dugun bezala, umeen emozioak eta prozesuak balidatzea izango da hoberena. Guk onartzen dugun heinean, konfiantzaz eta goxotasunez beraiek ere onartuz joango dira.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Gipuzkoako Hitza