EUSKAL KOSTA KROSA

Sergio Uriartek eta Idoia Martinezek irabazi dute II. Euskal Kosta Roller lasterketa

130 pertsonak hartu dute parte aurtengo irristaketa lasterketan. Zarautz-Zumaia-Zarautz ibilbidea osatu dute, eta Sergio Uriarte eta Idoia Martinez izan dira helmugara iristen lehenak. ZKEko kideei dagokienez, Iñaki Azkue eta Irkus Fernandez izan dira azkarrenak. Bi garaikur etxeratu ditu Karmele Ezenarrok, eta bat Pedro De Marcok.

Gaur, irailak 28, jokatu dute II Euskal Kosta Roller lasterketa. Zarauzko Nafarroa kalean hasi dute ibilbidea 130 parte hartzaileek. Getariatik igaro ostean Zumaiaraino joan dira, eta bertan, Zarautzerako bidea hartu dute berriz, lasterketa hasi den toki berdinera itzultzeko. Hala, guztira, 18,5 kilometroko ibilbidea osatu dute. Gainera, aurtengo lasterketak izan du berezitasuna; izan ere, Gipuzkoako Txapelketa ere jokatu dute gaurkoan.

16:30ean abiatu dira patinatzaileak, eta Sergio Uriarte izan da azkarrena. 13 minutuan pasatu da Getariatik aurrenekoz, eta 30 minutu eta 21 segunduan iritsi da Zarauzko helmugara, 100 zenbakidun dortsalarekin. Aitor Vacasek jarraitu dio atzetik gasteiztarrari; hain zuzen, 31 minutu eta 19 segunduan lortu du ibilbidea amaitzea. Mikel Faber izan da hirugarrena gizonezkoen sailkapen orokorrean (31 minutu eta 24 segundu).

Nesken sailkapen orokorrari dagokionez, Idoia Martinez gasteiztarra izan da nagusi (33 minutu eta 30 segundu). Iaz ere berak irabazi zuen lasterketa emakumezkoen kategorian. Maria Peru izan da bigarren sailkatua (35 minutu eta 30 segundu), eta hirugarrena, aldiz, Anne Lapuente (37:04).

ZKEko sei kide, parte hartzaileen artean

Zarauzko Kirol Elkarteko irristaketa taldeko sei kidek hartu dute parte aurten; hain zuzen, Iñaki Azkue, Karmele Ezenarro, Irkus Fernandez eta Marian Galarraga zarauztarrek, eta Itxaso Agirre eta Begoña Agirre getariarrek. Zarauzko taldeari dagokionez, Azkue eta Fernandez izan dira azkarrenak. 44 minutuan heldu dira Zarauzko helmugara. Bestalde, Pedro De Marco zarauztarrak ere jokatu zuen proba.

Ezenarrok bi garaikur etxeratu ditu gaurkoan: Fitness saria jaso du emakumezkoetan, eta Gipuzkoako Txapelketari dagokionez, Master 60 kategoriako irabazlea izan da. De Marcok ere Fitness saria jaso zuen gizonezkoetan.

Bidea guztia bustita

Antolatzaileek lasterketa hasi aurretik iragarri duten modura, bustita egon da ibilbide osoa, itsasgora zela-eta. Parte hartzaile batzuk busti ere egin dira, olatu handien ondorioz. Bestalde, Zumaiara iristean, 180 graduko itzulia egin behar izan dute, eta une horretan zenbait arazo izan dituzte irristatzaileek. Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenez, abiadura handian aritu dira gaurkoan (sarritan, 40 kilometro orduko), eta horrek zaildu egiten ditu bira egiteko mugimenduak.

Argazkiak: Arnaitz Rubio Apnea, Onintza Lete Arrieta eta Dorleta Agiriano Lai

 

Argazki guztiak ikusteko, egin klik hemen

Sailkapen guztiak ikusteko, egin klik hemen

Lasterketaren osteko sari banaketa ikusteko, egin klik hemen

Erlazionatuak

Sergio Uriartek eta Idoia Martinezek irabazi dute II. Euskal Kosta Roller lasterketa

Zarautz

130 pertsonak hartu dute parte aurtengo irristaketa lasterketan. Zarautz-Zumaia-Zarautz ibilbidea osatu dute, eta Sergio Uriarte eta Idoia Martinez...