Gustura daude antolatzaileak Euskal Kosta Krosak emandakoarekin

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 1a, 14:26

ZKE Irristaketa Taldeko kideek eta Ekaitz Esteban Getariako Udaleko ordezkariak larunbateko probaren balorazio "oso ona" egin dute.

Larunbatean jokatu zuten hirugarren aldiz Euskal Kosta Krosa, roller proba Zarautzen eta maratoi erdia Getarian. Biekin oso gustura geratu ziren antolatzaileak.

Roller lasterketari dagokionez, ZKE Irristaketa Taldekoak pozik agertu dira. Eta, hori, lasterketa bertan behera uztekotan egon ondoren. Olatuengatik abisu horia emana zegoen, eta itsasgora 17:00etan zen, pare-parean. "Abisu laranjarekin debekatuta dago proba egitea, baina horiarekin aukera zegoen, eta arriskatu egin ginen. Sekulakoa izan zen. Kostaldekoentzat ere bai, eta Araba eta Nafarroa aldetik etorri zirenentzat, zer esanik ez. Ahaztezina izan zen". Balorazioa ona da, eta "berririk onena da lasterketako azkena helmugan sartu eta anbulantziak lanik egin ez izana". Boluntarioek "inplikazio oso altua" erakutsi zutela azpimarratu dute, eta "Parte hartzaileak egunotan idazten ari zaizkigu, denak dira eskerrak emateko antolakuntzagatik», azaldu dute. "Sari banaketa puntual egin genuen, zozketarako sari asko zegoen, anoa gune asko zeuden, masaje zerbitzuak arrakasta izan zuen... Dena eskura geneukan Munoan". Zerbait hobetzeko badago, agian, zera da, toki batzuetan lurrean tontorrak daudela, eta ideala litzateke errepide asfaltatu berrian patinatzea.

Ekaitz Esteban Getariako Kirol zinegotziak ere lasterketaren balorazio "oso ona" egin du. "Mimo guztiarekin egin dugu eta korrikalariak eta boluntarioak zaindu nahi izan ditugu". Egokitutako eguraldiarekin eta itsasaldiarekin ere gustura agertu da Esteban, baita inork minik hartu ez zuelako ere. "Bagenituen zalantza batzuk roller eta korrikalariak gurutzatzeko momentua nolakoa izango zen, baina nahi bezala atera zen guztia". Gainera, errepideak uste baino lehenago irekitzeko aukera izan zuten, nahiz eta Meagasen auto-pilaketa batzuk egon. Estebanen ustez, "saihestezinak" ziren pilaketa horiek.

Zarauztarrekin zein zumaiarrekin zituzten konexioak "oso ondo" atera direla azaldu du, eta lasterketari ginga jartzeko antolatutako parriladak jende ugari erakarri zuela. "Getarian ohitura hori daukagu, halako ekimen bat egiten dugun bakoitzean festari amaiera emateko gure produktuak eskaintzen ditugu". Horregatik guztiagatik, korrikalarien aldetik zorionak jaso dituzte antolatzaileek.

Amaitzeko, GetaiTri triatloi taldeari eskerrik beroenak eman nahi izan dizkio Estebanek, emandako laguntza guztiagatik. Era berean, eskerrak eman dizkie laguntza eskaintzen jardun zuten norbanako guztiei: "Getariak daukan gauza zoragarrietako bat hori da, txilipitua jo orduko bazter guztietatik etortzen dela jendea laguntzeko prest". Boluntarioez gain, sari banaketa "horren oparoa" egitea ahalbidetu zuten herriko taberna, jatetxe, fisioterapia zentro eta bestelako dendei ere eskerrak eman nahi izan dizkie udaleko ordezkariak.