Erostarbe, Menendez, Alvarez eta Etxezabal omendu dituzte Eusko Jaurlaritzan

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 3a, 17:06

2018-2019 denboraldian Espainiako Estatuan, Europan edo nazioartean arrakasta handia izan duten ehun emakume kirolari omendu zituzten atzo Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan. Bertan izan ziren Nadia Erostarbe surflaria, Alba Menendez eskubaloi jokalaria, Esti Alvarez softbol jokalaria eta Maider Etxezabal sokatiralaria, besteak beste. 

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hartu zituen kirolariak Lehendakaritzako areto nagusian, eta Urkullurekin batera, Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida,   Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondo eta Basque Teameko ordezkariak izan ziren. Ehun kirolaritik gora omendu zituzten atzokoan, tartean, Nadia Erostarbe surflaria, Alba Menendez eskubaloi jokalaria, Esti Alvarez softbol jokalaria eta Maider Etxezabal sokatiralaria. Azken denboraldian emaitza bikainak izan dituzte aipatutako zarauztarrek; Erostarbek maila dotorea eman du surfeko sailkatze seriean, eta zirkuituko bi proba irabazi ditu. Menendez kapitain duen Bera Bera eskubaloi taldeak Erreginaren Kopa irabazi du aurten eta azpitxapeldun izan da ligan, eta Alvarezek Europako softbol txapelketa irabazi du Atletico San Sebastian taldearekin. Etxezabal, berriz, munduko sokatira txapelketan azpitxapeldun izan zen Arabako Badaiotz taldearekin, iaz.

Urkulluk hitzartzean nabarmendu zuenez, harreraren helburua, kirolarien ahalegina aitortzea eta euren kirol jarduera ikusaraztea izan zen. "Zuen kirol arrakastek balio bikoitza dute: kirol ikuspegitik oso garrantzitsuak dira, baita berdintasunaren arloan ere", adierazi zuen. Horrez gain, Urkulluk kirolari eredugarriak direla esan zuen: "Gaztetxo askoretzan eredu zarete. Zuen adibideak Euskadiko neskak eta gazteak kirol gehiago egitera bultzatzen ditu, eta gizarte osoa berdintasunaren alde lanean jarraitzera. Lanean jarraitu behar dugu, euskal gazteek ikus dezaten benetan nahi dutena izateko aukera dutela".