Itxaropenaren argiak eta itzalak

Aritz Mutiozabal 2019ko urr. 4a, 08:00
Frederic Gutierrez Barde artista donostiarra, collage teknikaz landuriko bisaia handi baten aurrean. (Aritz Mutiozabal)

Frederic Gutierrez Barde artista donostiarraren margolanak jarri dituzte erakusgai Zarauzko Torre Luzea aretoan. Egunero egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara, azaroaren 3ra arte. 

"Urteak daramatza arte munduan murgilduta, eta erakusketa ugari egin ditu. Lehen aldia da Zarautzen aurkezten duela bere lana. Bi motatako lanak ikus daitezke: horietako batzuk abstraktuak dira zeharo, argi-ilun nabarmenarekin, eta bestetik indarrez beteriko aurpegi misteriotsuak daude". Gisa horretan aurkeztu du Zarauzko Udaleko Kultura zinegotzi Irune Urbietak Frederic Gutierrez Barde artista donostiarra eta honek Torre Luzea aretoan  ikusgai jarri duen proposamena.

Erakusgai jarri duen obra aurten landutakoa dela nabarmendu du Gutierrezek. Zinegotziak aurrreratu duenaren haritik, "adierazteko bi modu" aurkeztu dituela kontatu du. Alde batetik, erretratu edo bisaiak daude, collage teknikarekin landuak, eta bertan hainbat elementu erabili ditu: papera, zementua eta abar. "Jendeak ispilu modura ikus ditzake bisaia hauek, norbere aurpegia proiektatuz", gaineratu du. Era berean, dio Afrikako maskarak dakartzala gogora, zeinetan Coca Cola latak erabiltzen dituzten apaintzeko. Bestetik, "aurkeztu dudan bigarren lerro piktorikoan trazu beltzak dira nagusi, baina argitasun zantzuak ikus daitezke urrutira. Itxaropen bat egongo balitz bezala gure istorio guztien atzean, nolabait ere".


Modu naturalean


Kontrastea agerikoa da: maskarak zuriak edo, behintzat, argiak diren heinean, abstraktutik jotzen dute gainerakoek, aitzitik, oso ilunak. "Estudioan lanean ari naizenean, bi mundu horietan mugitzen naiz etengabe, modu naturalean: aurpegiak margotzen hasten naiz, eta lehortu bitartean, margolan ilunetara jotzen dut".

Emaitza oso iluna bada ere, Gutierrezek beste ikuspegi bat du bere proposamen artistikoaren inguruan, eta gisa honetan laburbildu ditu lan prozesuaren xehetasunak: "Trazu beltzak dira nabarmentzen direnak eta denek hasieratik halaxe ikusten dute, baina azpitik kolore asko ezkutatzen dute. Eta niri deigarria egiten zait barrutik zabaltzen duen argi guztia".

Margolanez gain, maskaren edo erretratuen alorrean zementuz eta marmol-hautsez eginiko hiru eskultura txiki ere jarri ditu erakusketan. Komunikazioa edo Inkomunikazioa izena hartuko duen sail bateko artelanak direla aurreratu du artista donostiarrak, eta izenburuari ohore eginez, gai horri egingo diotela erreferentzia.


Begiz jota aspalditik


Eta zergatik aukeratu Zarautz norbere lanak erakusteko? "Myriam Gonzalez Txabarrirekin [Zarauzko Udaleko erakusketen arduraduna] harremanetan nengoen aspalditik, eta Zarautz oso gustuko herria dut, kultur arlotik gauza asko egiten direlako. Areto hau begiz jota neukan, obrak egin aurretik ere, eta nire lanak bertan jarrita ongi geratuko zirela pentsatu genuen".

Margolanetako batzuk aurrez erakutsiak dituela azaldu du, baina erakusketa bera estreinakoz jarri duela ikusgai Zarautzen. Hainbat lan berriak dira, adibidez, Luciernagas sailekoak edo horren figuratiboak ez diren bisaien erretratuak. Guztira, 23 lan bildu ditu Torre Luzea aretoan, eta azaroaren 3a bitartean bisitatu ahal izango da, egunero, 18:00etatik 20:00etara.