"Lanketa honen fruituak jardunaldietatik harago doaz"

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 4a, 11:30
Jardunaldi feministen aurkezpen asanblada Putzuzulo gaztetxean. (Zarauzko Sare Feminista)

Zarauzko Sare Feministako kide Ainhize Muniozgurenek azaroaren hasieran Durangon ospatuko diren jardunaldi feministen ildoen eta nondik norakoen berri eman dio HITZAri.

Salda badago lelopean, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak egingo dituzte azaroaren 1, 2 eta 3an Durangon, "mugimendu feminista autonomoak mugimenduaren ildo estrategiko nagusiak eztabaidatzeko". Egitasmoa aurkezteko nahiz herriko emakumeak bertan parte hartzera animatzeko asmoz, asanblada irekia egin zuten atzo arratsaldean, Putzuzulo gaztetxean, eta hainbat emakume bertaratu ziren.

Hiru eguneko egitarau bete-betea izango dute jardunaldi feministek, eta Zarauzko Sare Feministako kide Ainhize Muniozgurenek dio txoko eta eremu ezberdinetako emakume askoren lana dagoela honen guztiaren atzean: "Azken tarte luzean buru-belarri aritu dira antolaketan, lan talde ezberdinak osatuz eta saretze lan etengabean".

Muniozgurenen esanetan, mugimendu feministatik uste dute azken emaitza garrantzitsua bada ere, prozesuetan ezinbestean jarri behar dela arreta, eta horren adibide dela jardunaldi hauen antolakuntza. "Prozesuak garrantzi izugarria izan du eta ehuntze horren erakusleetako bat izango da jardunaldi feministena. Izan ere, lanketa honen fruituak jardunaldietatik harago doaz". 

Euskal Herriko jardunaldietan izena eman edota informazio zabalagoa eskuratu nahi duenak saldabadagojardunaldiak.eus webgunera sartu besterik ez du.

Bidea ezin oparoagoa

Hamar bat urte igaro dira azken jardunaldi feministak egin zirenetik. Mugimendu Feminista oso anitza dela dio Muniozgurenek, eta hamar urtek gutxi diruditen arren, asko izan dela eginikoa eta zaila berau laburtzea, ezer ahaztu gabe. "Eginiko bidea ezin oparoagoa izan da, bereziki borroka feministaren zabalkundeari dagokionean eta luzaturiko aldarrikapenen babesaren hedapenean. Egun mugimendu feministatik gauzatzen diren deialdiek oihartzun eta babes oso zabala dute, belaunaldi, jatorri, ideologia... anitzeko milaka emakume* batuz aldarri batzuen inguruan. Horren adibide ditugu azken bi urteetan martxoaren 8an izaniko greba feministaren barruan sorturiko olatuak. Ez dira apar soila, horren atzean indarra eta lanerako zein borrokarako grina dago, jendarte feminista bat lortu arte etsiko ez duen olatua da". 

Jardunaldi feministen helburu nagusia da Euskal Herriko txoko ezberdinetako emakumeak batzea eta parada izatea da hitz eginez hausnartzeko, eztabaidatzeko, pentsatzeko eta gozatzeko. "Egun mugimendu feministak dituen erronkak, aukerak eta oztopoak identifikatuz eta aurrera begirako lerro nagusi batzuk ezarriz elkarrekin". Helburu horiekin sortu ziren eta egun ere xede berdinekin diraute jardunaldi feministek. 

Erronkak eta ildoak aldatzen

Garaiak, ordea, aldatu egiten dira, eta horrekin batera, erronkak zein ildoak ere aldatzen nahiz berritzen joan dira. "Baina ardatz eta jatorri bera dutela esango genuke, sistema kapitalista heteropatrialkala, orain hamar urte eta egun", nabarmendu du Muniozgurenek. Dena dela, forma eta molde ezberdinak ditu egun, eta "ezinbestekoa da hauek identifikatzea, azaleratzen eta eraldatzen joateko".

Hori kontuan izanda, aurtengo jardunaldi feministetan bost ardatz nagusi izango dituzte: mugimendu feministaren erraiei begirak barrura begirako lanketa batu du, mugimendu feministaren aniztasuna baliatuz antolakuntza eta militantzia bizigarrian begirada jarriz; gure bizitzak erdiguneratzeko agenda partekatuan egun emakumeek jasaten dituzten zapalkuntza anizkoitzetatik bizitza bizigarriak lortzeko helburuari helduko diote; indarkeriarik gabeko bizitzak eraikitzenen indarkeria matxistaren askotariko aurpegiak aztertzeari helduko diote; gorputzak, burujabetza eta dekolonialitatean gorputzak erdigunean jarri eta emakumeak erabakitzeko eskubidea duen subjektu autonomo eta burujabe anitzak izan daitezen egin beharreko bideari erreparatuko diote, pil pilean dauden hainbat gai helduz; eta sexualitateak atalean gozamen eta desira bizitzeko modu ezberdinak landuko dituzte, desirak duen potentzialtasun politikoaz jabetuz.