EBA ligari ekingo dio larunbat honetan Ulacia taldeak

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 4a, 18:11
Ulacia taldearen aurkezpen ekitaldia, Aritzbatalde kiroldegian. (ZAST)

Zarauzko gizonezkoen saskibaloi taldeak Baskoniaren aurka jokatuko du, etxetik kanpo, kategoria itzulerako lehen partidan.

EBA ligan hastear du denboraldi berria Ulacia saskibaloi taldeak, eta asteazkenean aurkezpen ekitaldia egi zuen Aritzbatalde kiroldegiko kantxan. Bertan izan ziren Zarauzko Udaleko kirol zinegotzi Leire Arana, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioaren ordezkari Jon Txakartegi, Gipuzkoa Basket taldearen ordezkari Pedro Epelde, Zarautz Kirol Elkarteko presidente Esteban Collantes eta Ulacia babeslearen ordezkari Asier Izagirre.

EBA ligako AA konferentzian jokatuko du taldeak aurtengo denboraldia, aurrekoan lehen mailako liga irabazi eta igoerako txartela eskuratu ondoren. Ez da maila berria Ulaciarentzat, hiru denboraldiz jarraian jokatu baitu bertan, iazkoa salbu.

Joan-etorriak

Denboraldi berri honetarako taldeak orain arteko jokalari gehienekin jarraituko du, kapitain izandako Unai Eizagirre, Imanol Ezeiza eta Beñat Jauregi Fede izan ezik. Horien hutsunea betetze aldera, honako jokalariak izango dituzte aurten: Miguel Salgado, Adrien Telleria, Eneko Juarros eta Dame Mbengue. Horiez gainera, taldeko kide finko izango da orain arte junior eta senior taldeen artean jokatzen aritu den Imanol Artetxe.

Taldearen gidaritza teknikoan, entrenatzaile nagusi izango da Jokin Collantes beste denboraldi batez, baina oraingo honetan ez du alboan izango Oraitz Garcia; izan ere, Andoni Lazkano azpeitiarrak hartuko du lekukoa.

Larunbatean, Gasteizen

Egutegiak ez dio hasiera samurra eskainiko Ulaciari: lehen partida Baskoniaren aurka jokatuko du larunbat honetan, gasteiztarraren etxean. Atseden izango du bigarren jardunaldian, eta urriaren 20an, igandearekin, estreinatuko dira etxean Goierri-Iparragirre 2020 taldearen aurka. Etxeko partidak, hasiera batean, igandeetan jokatuko dituzte aurte, 18:30ean.

Bost talde jaitsiko dira mailaz denboraldia amaitzean, eta Zarauzko taldeak EBA liga gogorrean jarraitzeko erronka gogorrari aurre egin nahi badio, bere betiko talde-defentsa sendo eta erasoko joko anitzari eusteaz gainera, ezinbesteko izango du jarraitzaileen bultzada.