2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean 491.529 kilo hondakin bildu dira Gipuzkoako hondartzetan, aurreko urtean baino %29 gutxiago. Udako denboraldiari (ekainaren 1etik irailaren 15era) erreparatuz gero, berriz, murrizketa handiagoa izan da: 199.369 kilo hondakin jaso da, iaz baino %34 gutxiago.
Hondartza guztietan gutxitu da hondakinen sorrera, baina Mutriku, Deba eta Hondarribiko herriak nabarmentzen dira jaitsiera horretan. Asensioren hitzetan, "sentsibilizazio kanpainek eta herritarren konpromisoak egin dute posible hobekuntza hori". Hala ere, lanean jarraitzeko asmoa agertu du: "Lanean ari gara herritarrei kalitatezko eta bikaintasuneko zerbitzua eskaintzeko eta gure hondartzen kudeaketa jasangarria egiteko. Ezin dugu ahaztu gure itsasoetan hondakinen eta plastikoen arazoa Gipuzkoak aurre egin beharreko ingurumen arazorik larrienetako bat dela”.
Zarautzen 46 erreskate
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak Gipuzkoako itsasertzeko bideometria sarea osatu du 5 instalazio berrirekin. Sistemak erabiltzaileen dentsitatearen inguruko informazioa eskaintzen du eta hondartzetara egunero joaten den jende kopurua kalkulatzen du. Horri esker, Zarautz, Orio, Hondarribia, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko erabiltzaile kopurua zenbatu da. Horrela, Gipuzkoako hondartza guztietan 693.034 erabiltzaile egon dira 2019ko ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean.
Biometria sareak posible egin du korronte eta olatuen mapak sortu eta bainularientzat arrisku gehieneko guneak zeintzuk diren zehaztea ere. Hori baliagarria izan da sorospen zerbitzuentzako. Udara honetan zehar 91 erreskate egon dira: 46 Zarautzen, 24 Zumaian, 12 Orion, 5 Deban eta 4 Getarian.