UEMAren zuzendaritzako batzordekide izango da Irune Urbieta

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 5a, 14:06
Irune Urbieta zinegotzia UEMAko batzordekide izango da agintaldi honetan. (UEMA)

Getarian egin dute batzarra gaur goizean, eta Elgetako alkate Iraitz Lazkano izango da aurrerantzean Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria.

2019-2023 agintaldiko lehen batzar nagusia egin du gaur Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Getarian, eta batzarkideek Elgetako alkate Iraitz Lazkano hautatu dute UEMAren lehendakari hurrengo lau urteotarako. Lehendakariordea, berriz, Bermeoko alkate Aritz Abaroa izango da. Horiez gain,  Zuzendaritza Batzordea osatuko duten beste bederatzi kideak ere hautatu dituzte batzarrean: horien artean izango da Zarauzko Udaleko Euskara, Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Irune Urbieta (EAJ). 

Lehendakari kargua hartu orduko egindako lehen adierazpenetan, Iraitz Lazkanok eskerrak eman dizkie batzarkideei, jasota konfiantzagatik, eta baita orain arteko lehendakari Josu Labakari eta lau urte hauetan zuzendaritzan lanean aritu diren batzordekideei ere. Azken agintaldian UEMA sendotzeko egin den lana nabarmendu ondoren, urrats berrien garaia dela esan du: "Euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa emateko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, ausardia, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira”.

Adostasunari dagokionez, UEMAn ordezkaritza duten alderdi nagusiek lehendakaria, lehendakariordea eta Zuzendaritza Batzordea adostasunez onartu izana ere garrantzitsua dela nabarmendu du Lazkanok. "Azken batean, aurrera egingo baldin badugu, elkarlana ezinbestekoa baita. Elkarlana alderdien artean, noski. Baina baita erakunde publikoen, herritarren eta euskalgintzaren artean ere”. Bestalde, herri txikien garrantzia ere nabarmendu nahi izan du.