Babeslea: Koba interiorismo

Etorkizunera begira abiatu da Kilometroak

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 6a, 11:48
Mamorruetako bat 'Lurraldetasuna' hitzarekin. (Aritz Mutiozabal)

Kilometroen aurkezpen-ekitaldia egin dute goizean Salbatore Mitxelena Ikastolako atarian, eta Ni, Hi, Hura... ikastola mundura lelopean hasiera eman diote ikastolen jaiari.

Giro jostarian eman diote hasiera Ni, Hi eta Hura mamorruek Zarauzko Kilometroen aurkezpen-ekitaldiari, Salbatore Mitxelena ikastolaren atarian. Erakundeetako arduradun, alderdietako ordezkari eta gonbidatuei ongietorria egitearekin batera, denboraren makina aurkeztu dute. Etorkizunera begira jartzeko eta ikastola mundura zabaltzeko, hitz batzuk sartu behar izan dituzte, eta zeregin horretan Miriam Mendoza aurkezlea izan dute lagun.

Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako lehendakari Iñigo Ameztoi izan da hitza  hartzen lehena, eta bertaratuei ongietorria egitearekin batera, Ikastolaren sorrera ekarri du gogora: "Kolorea jarri zioten gure guraso eta aitona-amonek gure haurtzaroari”. Euskaran eta euskal kulturan oinarrituta egin du orain arteko bidea, baina "une oro etorkizunera begiratuz”.

Adierazi du ondo sustraitutako hiru enborren gainean dagoela eraikita Ikastola: Euskal Herria marko gisa daukan hezkuntza-proiektu bakarra dela, batetik; euskara eta euskal kultura dela bigarren oinarria: “Guk euskara musukatu egiten dugu, eta euskal kultura besarkatu”. Azkenik, kudeaketa-eredua, guraso, langile eta ikasleek osatua: “Eredu hori da gure erabakiak hartu ahal izatea ahalbidetzen diguna; autonomia ematen diguna“.

Oinarri horien gainean jarraitu nahi dute ikastola eraikitzen, eta marko pedagogiko aitzindarian murgilduta daude horretarako. Hain zuzen, formakuntzara eta espazioen eraldaketara bideratuko dira lortutako baliabideak.

Amaitzeko, eskerrak eman dizkie festa posible izan dadin lanean ariko diren 1.400 boluntarioei, eta boluntario horiek lanean aritu ahal izateko zaintzan arituko diren aitona-amona, osaba-izeba eta gainerako lagunei.

Ordezkarien hitz hartzea

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Kristina Uriartek aditzera eman du hezkuntzak ezinbestean uneoro erronka berrietara egokitu behar duela, “eta horregatik lege berri gaurkotua behar du”. Eragileekin egiten ari diren lana azpimarratu du, eta dei egin du “batzen gaituena” indartzera: “Hori da gure herri erronka”. Xabier Txurruka Zarauzko alkateak, bere aldetik, amets eta arraun egiten segitzeko gonbidapena egin du, Salbatore Mitxelenako leloa gogora ekarriz.

Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Nekane Artolak ikastolek euskararen transmisioan egindako lana azpimarratu du, eta aurrera begirako erronkak mahai gainera ekarri ditu: euskararen kalitatean azpimarra egin beharra; jaiotze-tasen jaitsierak ratioak berriz aztertzea eskatzen duela; eta atzerritik etorritako haurren gaia. Horiek guztiak gauzatzeko hezkuntza-sistema propioa aldarrikatu du.

Bestetik, aipagai izan du Kilometroen eredu berria. Eskerrak eman dizkie azken 42 urteotan laguntzaile, babesle, eragile, boluntario eta abar ibili diren guzti-guztiei. “Ikasitako guztiarekin jarriko gara etorkizunera begira”. Eredu berrian jaia eta aldarrikapena uztartu nahi dituzte, beste molde batez. “2020ko urriaren 4an antolatuko dugu eredu berriko lehenengo Kilometroak jaia”.

Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak aitortza egin die ikastolari “euskara plazara” eramateagatik, “euskararen suzia heldu eta mantentzeagatik”, batetik. Bestetik, gure herriaren giltza nagusietako bat boluntario lana dela esan du, “herriak aurrera egiteko ezinbesteko giltza”, eta herri ekimen hori mantentzeagatik ere eskerrak eman dizkie ikastolei. “Lezio bat ematen diguzue horretan”.

Erakundeetako ordezkariek hitza hartu duten bakoitzean, mamorruek hitz bana sartu dute denboraren makinan: lurraldetasuna, ikastola, herria, euskara eta hezkuntza, hain zuzen. Oinarri horiekin islatu nahi izan dituzte Ikastolaren zutabeak, eta etorkizunean ere zutabe horiei eutsi nahi diete. ‘Ni, Hi, Hura... ikastola mundura!’ abestia dantzatuz –aurretik ikasle batzuk koreografia landua eskaini dute– eta abestuz biribildu dute ekitaldia, ibilbideari hasiera emanez.

Erlazionatuak

Bideoa: Kilometroen hasierako uneak

Zarauzko Hitza 2019 urr 06 Zarautz