Azken unean galdu arren, lehia betean ekin dio Ulaciak EBA ligari

Zast Saskibaloia 2019ko urr. 8a, 13:28
Partidako une bat. (Zast Saskibaloia)

Zast Saskibaloiak Mendizorrotzan jokatu du denboraldiko lehen partida. Elkarteko kideek egindako norgehiagokaren kronika hemen dago ikusgai.

Lehia bizian ekin dio Ulacia saskibaloi-talde zarauztarrak EBA ligari, azken unean galdu baitu, 69-67 emaitza estuaz. Aurtengo denboraldian jokatu duen lehen partidua izan da larunbatekoa, Baskonia taldearen aurka, Gasteizko Mendizorrotza kiroldegian. 

Ligako lehen partidua irabaztetik hurbil izan ziren zarauztarrak. Partida berdindu batean, azken segundoan lortutako saskiratze batek garaipena eman zion Baskonia taldeari. Partiduak eskatzen zuen mailan ekin zuen Zarauzko taldeak, defentsan akats handirik gabe eta erasoan baloia ongi zainduz, eta 11-16 gailendu zen lehen laurdenean, 0-9ko azken partzial bati esker.

 Bigarren laurdenean, ordea, gasteiztarrek saskirako bidea errazago aurkitu zuten, batez ere Hanzlik txekiarraren hirukoei eta erasoko erreboteek emandako bigarren aukerei esker. Zast-ekoek ala ere, defentsan hain zorrotz ez ibili arren, ez zuten beraien erasoko erritmoa galdu eta atsedenaldira puntu bat aurretik iristea lortu zuten, 31-32. 

Bigarren zatiaren hasieran, Baskoniak aurre hartu zuen markagailuan, eta 4-5 puntuko abantaila ezin murriztu ibili ziren kostaldekoak. Erasoak nagusitu ziren kantxaren bi aldeetan, eta 51-48 emaitza adierazi zuen markagailuak laugarren laurdenaren atarian.  Azken laurdenaren hasiera ez zen batere ona izan zarauztarrentzat: saskiratzeko arazoek, baloi galduek eta defentsa-akatsek 58-48ko emaitza jarri zuten markagailuan, 7 minuturen faltan. Ulaciakoak, ordea, ez zeuden amore emateko, eta iaz sarritan egin bezala, gauzak zailen jarri zirenean atera zuten beraien jokorik onena, defentsa gogortu, errebotea kontrolatu eta erasoan berriz asmatzen hasi ziren. 

Aitzol Eguskitzaren saskiratze batek (26 puntu sartu zituen partida bikain batean) markagailua berdindu zuen 6 segundoren faltan. Ulaciakoentzat, ordea, 6 segundoak luze izan ziren, etxekoek ongi asmatu baitzuten azken jokaldia nola antolatu, eta segundo baten faltan garaipenaren saskiratzea lortu zuten. 
Horrenbestez, nabarmendu behar da, lehen partidu hori galdu arren, lehiatuz ekin diola denboraldiari Ulacia taldeak, eta berriro erakutsi duela bereizgarri duen arima lehiatzaile hori. Hurrengo asteburuko jardunaldian atsedena egokitu zaio Ulaciari, eta hilaren 20an jokatuko du hurrengo partidua, hirugarren jardunaldian. Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian izango da, arratsaldeko 18:30ean.