Jon Artola, 'Waveski' modalitateko surflaria

"Surf egokitua bultzatzea da nire asmo bakarra"

Aritz Mutiozabal 2019ko urr. 9a, 17:49

Surf egokituko Europako txapeldun izan da asteburuan Jon Artola (Zarautz, 1977), Les Sables d'Olonnen (Bretainia). Lorpenaz harago, kirola bera ikusaraztea eta sustatzea du helburu.

Zein asmorekin joan zinen Europako Txapelketara?
Nire asmo bakarra da surf egokitua bultzatzea, azken finean, parte-hartzaile gutxi gaudelako momentu honetan. Joan den ekainean arrakasta handiko txapelketa bat jokatu zen Sopelan, surf egokitukoa, eta mundu zabaleko jendea joan zen hara. Guztira, 60 parte-hartzaile inguru izan zen bertan, eta bultzada handi bat izan zen. Aitzitik, Europan, parte-hartzaile kopurua dezente baxuagoa da, eta helburua da surf egokitua bultzatzea. Batez ere, etxean dagoen eta ausartzen ez den jende hori animatzeko. Beldurragatik, pentsatzen duelako zaila dela edo gai izango ez dela... Horiek denak animatu nahi ditut, eta horregatik hartzen dut parte txapelketa hauetan.

Nola joan zen lehia? Espero al zenuen irabaztea?
Parte-hartzaile gutxi ginen, eta, egia esan, elkar ezagutzen genuen aurretik ere, azkenaldian hainbat tokitan topo egin dugulako. Eta bai, irabazteko aukerak ikusten nituen txapelketa hasi aurretik. Baina hasierako helburua ez zen garaipena lortzea, baizik eta taldetxo bat sortzea eta surf egokitua sustatzea.
Baina norberak maila indibidualean garaipena lortzen duenean ere pozgarria izango da, ezta?
Bai, pozgarria da. Baina podiumera igo ziren beste bi parte-hartzaileetako norbaitek irabazi izan balu ere poz handia emango lidake. Jakina, norberak lortzen duenean handiagoa da poza, baina ez da kasua egoera honetan.

Beldur horri aurre egitea da gakoa, beraz.
Hala da, ezgaitasun edo gabezia bat daukan jendea animatzeko eta poz bat emateko, eta ikus dezatela hemen ere, surfean, aukera bat badutela. Beraien bizitzari zentzua emateko, gustuko gauzak egiteko edo, besterik gabe, ekintzak egiteko.

Surf egokitua da praktikatzen duzuna, baina zein modalitate zehazki?
Waveski izena du gure modalitateak. Surfeko taulak dira, baina arraun batekin goaz eta lotuta. Honek urte asko daramatza, batik bat, Frantzian, AEBetan eta Australian; hemen, aldiz, ez da horren ezaguna. Ni 2003an hasi nintzen praktikatzen, eta Gipuzkoan, adibidez, badira honetan dihardutenak: Unai Uribeondo debarra, pare bat zarauztar, hamabost bat neska-mutil donostiar ere bai...

Beraz, txapelketetan bazabiltza. Noiz erabaki zenuen lehietan parte hartzea?
Duela pare bat urte. Surf egokitua praktikatzen duten Aitor Frantzesena Gallo-k eta Zarauzko bizilagun Ibon Mugertza tolosarrak animatuta hasi nintzen. Alegia, hasieran azaldutakoagatik: surf egokitua egiten dugunok gutxi garenez, goazen elkartzera, eta ikusarazi dezagun, jendeari erakusteko posible dela. Horrexegatik hasi nintzen txapelketetan, ez lehiak deitzen nauelako, baizik eta beste xede horri begira. Egia esan, sekulako giro polita sortzen da gure artean.