Badator ur berria iturri zaharretik

Amaia Urbieta Arruti 2019ko urr. 10a, 08:00
Unzueta eta Etxeberria, plaieroetako materiala gordetzen duten egoitzan. (Amaia Urbieta Arruti)

Berrikuntzaz beterik ekingo diote denboraldi berriari hondartzako futbolariek. Antolatzaile berriak arduratu dira aurten txapelketaz, eta igandean jokatuko dute lehen jardunaldia.

Aurreko denboraldia ez zen nolanahikoa izan Zarauzko Hondartzako futbolarientzat. 75. urteurrena izaki, hamaika ekitaldi eta omenaldiz beteta egon zen txapelketa. Makina bat urtez antolakuntza lanetan jardun zirenek, ordea, lekukoa pasatzeko beharra zuten. Hala, jokalari talde batek hartu zuen txapelketa antolatzeko ardura, eta horietako bi dira Olatz Unzueta (Zarautz, 1986) Katixa taldeko jokalaria eta Ander Etxeberria (Zarautz, 1996) Talai Mendi taldekoa.  Bileraz bilera, denboraldi berriari forma ematen jardun da jokalari talde bat, eta ohartzerako heldu da denboraldiko lehen jardunaldia. Igande honetan, urriaren 13an, jokatuko dituzte lehen partidak; emakumezkoen ligan hamar taldek lehiatuko dute, iaz baino bi gehiagok, eta gizonezkoenean, hamabost taldek. Kasu honetan, berdin mantendu da talde kopurua.

Lekuko eta arau aldaketa 

Hainbat berrikuntzarekin ekingo diote denboraldiari igandean. Maiatzean, aurreko denboraldia amaitu zenean, arautegiaren inguruko inkesta bat bete zuten plaieroetako jokalari guztiek eta, antolatzaile berriek egokitzapenak egin dituzte, jasotako erantzunak oinarri hartuta. Hala, aurten gizonezkoek nahi adina aldaketa egin ahalko dituzte partidan zehar. Lehen, behin joko eremutik ateratzen zen jokalariak ez zeukan aukerarik berriro jokatzera sartzeko. Emakumezkoek eta gizonezkoek aldaketa sistema bera izango dute, beraz. "Eskubaloian erabiltzen den aldaketa sistemaren antzekoagoa egitea da asmoa". 

Horrez gain, bi ligetako partiden iraupena ere berdintzea erabaki dute. Hala, bai emakumezkoek eta bai gizonezkoek 40 minutuko zatiak jokatuko dituzte. Horrek ahalbidetzen du partida guztiak ordu berean hastea eta gutxi gorabehera ordu berean amaitzea. Horri probetxua atera nahian, jardunaldiro etxafuego bat botatzearekin batera egingo dute lehen sakea. "Hala, etxean dagoenak ere izango du gure berri", diote antolatzaileek. 

Emakumezkoen partidetan beste aldaketa bat ere egin dute: aurten, kanporaketan berdinduz gero, bost penalti jaurtiko ditu talde bakoitzak berdinketa hausteko. "Orain arte hiru penalti bakarrik jaurtitzen genituen, eta horrek emozioa kentzen zion momentuari", azaldu du Unzuetak.

Jokalariak zigortzeko sisteman ere egin dituzte zenbait aldaketa antolatzaile berriek. Orain arteko denboraldietan isun ekonomikoa ezartzen zitzaien taldeei epailearen txartel gorria jasotzeagatik, partidara ez azaltzeagatik, epailerik ez izateagatik eta halakoengatik; aurrerantzean, ordea, sailkapeneko puntuak kentzea izango da zigorra. Pilatutako txartelen inguruko araua ere aldatu egin dute. Orain arte, jokalariak bost txartel hori jasoz gero hurrengo partida jokatzeko eskubidea galtzen zuen. Inkestetan ateratako emaitzak aintzat hartuz, hemendik aurrera, kanporaketetan zerotik hasiko dira zenbatzen txartelak.

Etorkizunaz kezkatuta

Ilusioz beterik heldu diote plaieroak antolatzeko ardurari jokalariek, baina txapelketaren iraunkortasuna beraien kezka nagusietako bat da oraindik ere. Hori dela eta, hondartzako futbolaren sustapenaz arduratzea erabaki zuen jokalari talde batek. Duela bi urte emakumezkoen liga kinka larrian izan zen, eta jokalarien gutxieneko adina hamasei urtera jaitsita lortu zuten eustea. Aurten neurri bera hartu dute gizonezkoen txapelketan eta, horrez gain, jokalarien poltsa sortu zuten, talderik ez zuten baina jokatzeko gogoz zeudenek ere parte hartzeko aukera izan zezaten. Etxeberriaren ustez, "partidak igande goizetan izateak eragiten du kasu askotan jendea ez animatzea".  Hori dela eta, zenbait aldaketa egin dituzte aurtengo egutegian eta, gehienak igande goizetan mantendu badituzte ere, jardunaldiren bat edo beste larunbatez jokatuko dute.


Antolatzaileek hutsune bat nabaritzen zuten plaieroen transmisioan. "Hamabi urtera arte eskola kirolean probatzen dituzte plaieroak, baina gero hamasei urtera arte ez daukate berriro jokatzeko aukerarik", azaldu du Etxeberriak. Horregatik, Gabonetan adin tarte horretako gazteei bideratutako futbol txapelketa bat antolatzen ari dira eskolekin elkarlanean. 


Bestalde, jokalarien eta taldeen arteko harremanak indartzeko asmoz, pintxo-pote berezi bat izango da aurtengo denboraldian. Partidak bukatu eta hurrengo ordubetean eskaintza berezia izango dute taberna jakin batean. Jardunaldiro aldatzen joango da taberna; igande honetan Eguzki tabernak estreinatuko du denboraldia, eta Etxeberriaren esanetan, "herritar oro" dago gonbidatua partiden osteko giroaz gozatzera.
Aurrerantzean plaieroen irudia izango den logoa diseinatzeko lehiaketa ere jarri dute martxan sustapen taldekoek. Lanak euskarri digitalean edo paperean aurkeztu beharko dira, antolakuntza@playeruak.eus helbidera bidalita edo Zarautz Kirol Elkartearen egoitzara eramanda, azaroaren 3a baino lehen. Irabazleak 150 euro jasoko ditu.

Epaileak falta

Plaieroetako antolatzaileek jendea animatu nahi dute epaile lanerako. Orain arte talde bakoitzaren esku zegoen epaileari zenbat ordaindu eta, orain, partidako 50 euro ordainduko zaizkie guztiei. "Asmoa da taldeek bilatzea epaileak orain arte bezala, baina ordainketen kontua antolakuntzak kudeatzea. Hala, guztiek baldintza berdinetan egingo dute lan". Epailerik lortu ezean, atsedena egokitzen zaion taldeko jokalariek egin beharko dute lan hori. "Hori azken aukera litzateke, baina agian balioko liguke jokalarioi epaileekin enpatia gehiago izaten".

Iganderako prest dago guztia; 10:15ean botako dute denboraldiko lehen etxafuegoa. Arrano Taberna izango da atseden hartzen lehen taldea, eta joko eremuak markatzera besteek baino lehenago joan beharko dutenak Tivoli taldekoak dira.

Erlazionatuak