Koldo Arakistainek Karrikan plataformaren laguntza jasoko du

Zarauzko Hitza 2019ko urr. 10a, 16:05
Gonzalez eta Arakistain, artxiboko irudian

Hamazazpi proiekturen artean bi aukeratu dituzte, tartean zarauztarraren Mikro lana. Diru laguntza, egonaldi artistikoak egiteko aukera, gai artistikoen inguruko aholkularitza eta hainbat jaialditan emanaldiak egiteko aukera izango dute.

Karrikan plataformak Koldo Arakistain zarauztarraren eta Irati Gonzalezen Mikro lana (Zirkus Kolira) aukeratu du Arriera konpainia bilbotarraren Eden lanarekin batera, diruz laguntzeko eta hainbat arlotan babestu, lagundu eta aholkatzeko.

Plataformak ohar bidez zabaldu duenez, "Mikro generoa eszenara daraman diziplina-anitzeko zirku ikuskizuna da. Jolasetik, eta akrobazien, ahotsaren eta dantzaren bidez hausnarketara garamatza: generoak baldintzatzen gaitu? zer da gizon sentitzea? zerk egiten gaitu emakume?". Gonzalez eta Arakistain hurrengo urteetan kontuan hartzeko moduko bikotea direla ere azpimarratu du plataformak.

Karrikan plataforma 2016an sortu zuten hainbat udal eta eragilek, kaleko arte eszenikoen sorkuntzak bultzatzeko eta laguntzeko helburuarekin. Hala, aipatutako bi lan horiek jasoko dute ikuskizunaren ekoizpenerako ekarpen ekonomikoa; egonaldi artistikoak egiteko aukera; gai artistikoen inguruko kanpoko begirada, kudeaketa eta administrazio zereginetarako laguntza; eta plataformako bazkideen jaialdietan emanaldiak eskaintzeko aukera.

Egoitza artistikoei dagokienez, hiru sorkuntza denboraldi izango dira konpainia bakoitzeko eta azarotik martxora bitartean egingo dira. Horietako bat behintzat Iparraldean kokatuko da. 
Karrikan biraren emanaldiak 2020ko maiatzean hasiko dira, Umore Azoka kaleko arteen azokaren barruan, eta irailera arte iraungo dute.

Bira horren barruan daude, esaterako,  Hendaiako Mai du Theatre jaialdia, Gasteizko Kaldearte jaialdia eta Bilboko Kalealdi jaialdia. Horrez gain, ikuskizunak Karrikan plataformako kideen jaialdietan programatuak izan daitezke: Arrigorriagako Klown jaialdian, Iurretako Kalez Kale jaialdian, nahiz Iruñeako Harresietako jaialdian, besteak beste.

Zenbait udal eta erakundek osatzen dute Karrikan: Gasteizko, Bilboko, Leioako eta Hendaiako udalek, eta Hameka-Euskal Herriko Erkidegoak. Bazkide-kolaboratzaileak ere baditu: Libourneko, Arrigorriagako eta Iurretako udalak eta Gipuzkoako Dantzagunea–Gipuzkoako Foru Aldundiko dantza-zerbitzua– dira, hain zuzen.